Ekonomia -
Greba mugagabea
Negarrako langileek Igorretik Gasteizera arteko martxa bat hasi dute
Bi egunetako iraupena izango duen martxak Igorreko enpresak iragarritako 48 kideren kaleratzea salatu nahi du.
Erredakzioa
78 egunez greba mugagabean egon ostean, Negarra enpresako langileek Igorren duten egoitzatik Gasteizera arteko oinezko martxa bat hasi dute gaur. Gutxi gorabehera, enpresak dituen 170 langileetatik 50ek hartuko dute parte bi egunetarako antolatutako protesta ibilaldi horretan.
Enpresa batzordeak kaleratutako komunikatuan azaltzen denez, martxak Igorre eta Gasteiz artean dauden 55 kilometroak beteko ditu. Irteera 07:00etan egin dute, eta gaua Legutioko kirol pabiloi batean igaroko dute. Ibilaldia bihar eguerdian bukatuko da, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaren aurrean egingo duten kontzentrazioarekin batera.
48 kaleratze
Termo elektrikoak eta tximiniak ekoizten dituen Igorreko enpresak iragarritako 48 langileren kaleratzea salatu nahi dute martxa horrekin. “Zuzendaritza enpresa beraren jarraipena arriskuan jartzen ari dela salatu nahi dugu, “grebaren auzia ohore-auzi eta erresistentzia lehia bihurtu dutelako”, azaldu dute langileek.