Ekonomia -

HIPOTEKAK

Etxebizitza ordaintzeko, batez beste 9,2 urteko soldata osoa behar da EAEn, eta 6 urtekoa Nafarroan

Batez besteko soldata oso antzekoa da Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, baina Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan etxebitza erostea 82.576 euro garestiagoa da Nafarroan baino.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan, etxebizitza batek batez beste 233.000 euro balio ditu, eta herritarren soldata 25.442 eurokoa da. Hala, etxebizitza osoa ordaintzeko, 9,2 urteko soldata osoa behar da. Nafarroan, aldiz, etxebizitzen prezioa nabarmen baxuagoa da, 150.424 eurokoa, eta soldatak, antzekoak, 25.060 eurokoak. Hipoteka ordaintzeko, beraz, 6 urteko soldata osoa behar da Foru Erkidegoan.

InfoJobs eta Fotocasa plataformek soldaten eta etxebizitzen arteko erlazioa aztertzeko egin berri duten txosten baten emaitzak dira horiek. 2022ko datuekin egin dute ikerketa, eta horien arabera, EAEko datua Espainiako Estatuko batez bestekoaren gainetik dago: 6,7 urteko soldata behar da Estatuan etxebizitza ordaintzeko.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoan behar da denbora gehien etxea ordaintzeko, 9,8 urte behar baitira; Bizkaian, 9 urte, eta Araban, 8,8 urte. Estatuko rankingean, hirugarren lekuan dago EAE, Balear Uharteen (11,3 urte) eta Madrilen atzetik (10,4 urte).

Halaber, txostenaren arabera, etxebizitzen metro karratu bakoitzeko, batez beste, 2.913 euro ordaindu ziren 2022an EAEn, eta 1.880 euro Nafarroan. Estatuan, berriz, batez beste, 2.051 euro ordaindu behar izan zituzten metro karratuko etxebizitza bat erosi zutenek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Hipotekak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza