Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Loli Garcia: "Etxebizitza eskubidea da gure herrian politika sozialak duen gabezia handiena"

EAEn lau eguneko lanaldia ezartzeko aukera begi onez jo du CCOOko idazkari nagusiak. Haren hitzetan, "beharrezkoa da lanorduak gutxitzea, lana bizitza pertsonalarekin uztartu ahal izateko".

CCOO sindikatuko idazkari nagusi Loli Garcia. Argazkia: EITB Media
CCOO sindikatuko idazkari nagusi Loli Garcia
CCOO sindikatuko idazkari nagusi Loli Garcia. Argazkia: EITB Media

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CCOO sindikatuko idazkari nagusi Loli Garcia elkarrizketatu dute gaur, asteazkenarekin, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Bertan, interes-tasen igoera eta horrek hipoteketan ekarri dituen ondorioak izan ditu hizpide, baita lau eguneko lanaldia ere.

"Etxebizitza eskubidea da gure herrian politika sozialak gaur egun duen gabezia handiena, eta horrek arazo handiak dakartza. Politika publikoak behar ditugu etxebizitza eskubidea bermatzeko. Alokairu soziala bultzatu behar da, eta interes-tasen aferan eskua sartu", nabarmendu du. Horretarako, banketxeek hipoteka aldakorretik finkorako aldaketak erraztu behar dituzte, horren aburuz. Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak ez du pausorik eman, esan duenez, "etxebizitzaren erosketa pribatua gailentzen delako, oraindik ere".

Euskal Autonomia Erkidegoan lau eguneko lanaldia ezartzeko aukeraz galdetuta, CCOOko idazkari nagusiak uste du beharrezkoa dela lanorduak gutxitzea, "beharra eta bizitza pribatua uztartu ahal izateko".

Alabaina, argi du lanaldia murrizteko aukera bakarra ez dela lau eguneko txandan lan egitea. Garciak nabarmendu du CCOO sindikatua hasieratik egon dela murrizketa horrekin ados, "Confebask ez bezala". "Lan Sailari proiektu horretan parte hartzeko borondatea erakutsi diogu, eragile sozialok ere hor egon behar dugulako", erantsi du.

Juan Ugarte SEA Arabako enpresaburuen zuzendari nagusiak atzo egindako adierazpenei motzean erantzun die: "EAEn tarte handia dugu lanorduak murrizteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Hipotekak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak CCOO