Ekonomia -

Negoziazioa

LABek "oinarria" ikusten du Hezkuntza Sailarekin akordioa ixteko, ELAk grebei eusten dien bitartean

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri du "ahalik eta lasterren" bilera batera deituko dituela sektoreko sindikatuak, adostasun baten bila.

LAB sindikatuko ordezkariak. Irudia: LAB
LAB sindikatuko ordezkariak.
LAB sindikatuko ordezkariak. Irudia: LAB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaur iragarri duenez, sektoreko sindikatuak "ahalik eta lasterren" batzar batera deituko ditu adostasun bila, LABek lan-baldintzei buruzko akordioa lortzeko "oinarria" dagoela uste baitu. ELA, ostera, kritiko agertu da, eta grebei eustea erabaki du.

LABek gaur goizean ohar baten bidez jakinarazi duenez, azken asteetan Hezkuntza Sailarekin hitz egin du, eta, bere ustez, hezkuntzako langileen "lan-baldintzak hobetuko dituen akordio baterako oinarriak" jarri dira bertan.

Hori dela eta, sindikatuak Jaurlaritzari eskatu dio mahai bat deitzeko, etorkizuneko Euskal Hezkuntza Legea "langileekin eraikitzeko, hezkuntzako langileen lan-baldintzak adosteko eta hezkuntza eredua hobetzeko gaiak jorratzeko".

Ondoren, ohar batean, Hezkuntza Sailak iragarri du "ahalik eta lasterren" deituko dituela sindikatuak, "negoziazio esparruak elkarrekin aztertzeko eta Euskal Hezkuntza Sistemak lortu nahi dituen hobekuntzak ekarriko dituen adostasuna lortzeko".

Sailak oharra kaleratu ostean, ELA sindikatuak salatu duenez, "LABen akordioaren oinarriak ez du eredu aldaketa bermatzen, ezta lan baldintzak hobetzen ere", eta iragarri du "esparru bakoitzeko negoziazio mahaietan lan-baldintza egokiak lortzeko borroka eta greba bultzatzen" jarraituko duela.

Zentzu horretan, itunpeko ikastetxeetan apirilaren 25erako deitutako greba egin egingo dela aurreratu du, eta beste sindikatu batzuekin harremanetan jarriko dela lanuzte berriak antolatzeko, "adostasun politikoetatik haratago aldaketa sakonak ekarriko dituen lege baten alde, sindikatuok egungo hezkuntza sistema betikotzen duten akordioak ontzat eman ez ditzagun".

ELAk adierazi du Hezkuntza Sailak deitzen duen bilerara joango dela, baina, planteatutako proposamena "nahikoa" ez denez, ez du akordioarekin bat egingo, edukietan "aldaketarik" ez badago.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Grebak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak Lan gatazkak