Krisi Ekonomikoa -
Defizit publikoa
De Guindosek murrizketak iragarri ditu administrazio publikoan
Ekonomia ministroak azpimarratu du Gobernuak defizit publikoa murrizteko konpromisoa hartu zuela, eta horretarako "esfortzu gehigarrien" berri emango dutela "datozen asteetan".
Erredakzioa
Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasun ministroak iragarri du "esfortzu gehigarriak" egingo dituztela "administrazioan", eta "datozen asteetan" horren berri emango dutela. Espainiako Gobernuak defizit publikoa murrizteko hartu zuen konpromisoaren baitan kokatu du ministroak erabakia.
De Guindosek Mariano Rajoy presidenteak atzo aurreratutakoa baieztatu du, eta Espainiako ekonomiak "hazkundea lortzeko oztopo batzuk" dituela azpimarratu.
Espainiako bankuak kapitalizatzeko 100.000 milioi euroko laguntzari dagokionez, Europako Batzordearekin laguntzak jasotzeko baldintzak negoziatzen ari dira, eta prozesua "nahikoa aurreratua" omen dago. Hori dela eta, Eurotaldeak finantza erreskatea jasotzeko baldintzen memorandoa hilaren 9an jasoko duela eta prozesuak "azkar" egingo duela aurrera esan du De Guindosek.
Gainera, ministroak azpimarratu du indarrean daudela Euroguneko akordioak, Holandak eta Finlandiak ez dutela atzera botatzea lortuko, alegia. Hori horrela, De Guindosen arabera, funtsetik jasotako diruak ez du lehentasuna izango eta banketxeei emango zaien laguntza ez da Estatutik pasako, bankuei emango zaie zuzenean.