Ekonomia -

Etxebizitza

Donostiako Udalak Jaurlaritzari eskatu dio alokairuko etxebizitzen prezioa kontrolatzeko neurriak ezar ditzala

Alokairu-Benta Berri, Donostialdeako Kaleratzeak Stop eta Inquilinos Azora plataformek jarritako salaketa jasotzen du EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak, EAJk eta PSE-EEk gaur onartutako mozioak. PP kontra agertu da.

Etxebizitza bat alokairuan. Argazkia: EFE
Etxebizitza bat alokairuan
Etxebizitza bat alokairuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako udalbatzak —talde guztien aldeko botoarekin, PPrena salbu— EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak alokairuaren harira aurkeztutako mozio bat onartu dute, zeinaren bidez Eusko Jaurlaritzari eskatu dioten eremu tentsionatu izendatzeko Etxebizitza Lege berriaren arabera horri dagozkion baldintzak betetzen dituzten gune guztiak, araua indarrean sartu bezain pronto, "prezioak kontrolatzeko neurriak lehenbailehen ezartzeko helburuarekin".

Alokairu-Benta Berri, Donostialdeako Kaleratzeak Stop eta Inquilinos Azora plataformek jarritako salaketa jasotzen du EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak, EAJk eta PSE-EEk gaur onartutako mozioak. PP kontra agertu da.

EH Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaranek nabarmendu du Donostian 1.937 etxebizitza daudela errentan emanda, eta Etxegintzan alokairurako izena eman dutenak, berriz, 18.000tik gora direla. Gainera, adierazi du, Eusko Jaurlaritzak iazko ekainean emandako datuetan oinarrituta, 13.219 donostiar daudela Etxebide zerbitzuan, alokairu zain . Horregatik guztiagatik, Burutaranen esanetan, "neurri gehiago" behar dira Donostian "etxebizitzaren arazoari" aurre egiteko.

Elkarrekin Donostiako bozeramaile Aitzole Aranetak, bestalde, esan du etxebizitzarena dela Gipuzkoako hiriburuak duen "arazo nagusienetakoa", eta 3.500 gaztetik gora hiritik joan behar izan direla, "ez dutelako hemen bizitzeko aukerarik".

PSE-EEko Marisol Garmendia pozik agertu da Etxebizitza Legearekin, eta gogora ekarri du sozialistek odolean daramatzatela "etxebizitzaren politika publikoak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Eusko Jaurlaritza Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza