Ekonomia -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Garbiñe Aranburu: "Soldaten akordioak ez du langileen erosahalmena bermatzen, ezta KPIa ere"

LABeko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, Euskal Herrian "beste errealitate sindikal bat dago, eta ez da aplikatuko". Bestalde, ELA sindikatua estu hartu du, eta Adegi Gipuzkoako patronalarekin "aliantza" izatea leporatu dio.

Garbiñe Aranburu. Argazkia: EITB Media
Garbiñe Aranburu.
Garbiñe Aranburu. Argazkia: EITB Media

play icon 26:43

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CCOO eta UGT sindikatuek CEOE Espainiako patronalarekin atzo soldaten inguruan izenpetutako akordioak "ez du langileen erosahalmena bermatzen, ez du KPIa bermatzen", Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren ustez. Hala, ituna bi sindikatuon "gainbeheraren adibide argia" dela azpimarratu du; izan ere, biek ala biek "patronalaren diskurtsoarekin bat egin dute". 

Ituna sinatu eta biharamunean, elkarrizketa eskaini du sindikatu abertzaleko buruzagiak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Aranbururen esanetan, Estatuko akordio horretan ez dago aurreikusita KPIaren erreferentziarik eta 2022rako ez dago soldata igoerarik. "CCOO eta UGT soldaten debaluazioari bidea ematen ari zaie, eta akordio orokor baten eszenifikazioan, hori oso larria da", salatu du. Dena dela, horren arabera, Euskal Herrian "beste errealitate sindikal bat dago", eta, beraz, "hemen ez da aplikatuko"

Euskal Herriko sindikalgintzaren egoeraz galdetuta, ELAren estrategia jomugan jarri du beste behin, eta bereziki Gipuzkoako negoziazioan duen jarrera salatu. Aranbururen aburuz, Mitxel Lakuntza buru duen sindikatuak "aliantza" du Adegi Gipuzkoako patronalarekin, eta "akordio eta elkarlan horren ondorioz, bake soziala ezartzen ari da bertan".

Beste sindikatuek ez bezala, LABek sei greba egun deitu ditu Gipuzkoako metalgintzan, mahai gainean dagoena hobetzeko "greba eta mobilizazioetara jotzea ezinbestekoa" dela sinistuta. "Gu Gipuzkoan ikusten ari garena da, batez ere ELAren aldetik, hoztasun eta jarrera uzkurra duela, Adegi nagusi den negoziazio mahaietan". Aliantza horren adibide jarri du Gipuzkoako elikagai merkataritzaren kasuan gertatutakoa —CCOOk, UGTk eta ELAk akordioa sinatu zuten, sindikatu guztiek deitutako greba bertan behera utzita—. "Horren atzean dagoena ez da ELAk aliantzak dituela CCOO eta UGTrekin, baizik eta Adegirekin duela aliantza. Eta hori ezkutatzeko agian, Adegi nagusi ez den negoziazioetan bestelako konfliktoak alde bakarrez sustatzen ditu", adierazi du. 

Azkenik, CEBEK Bizkaiko enpresaburuen elkarteari buruz esan duenez, "ez ditu egoki ordezkatzen enpresa ertain eta txikien interesak", eta LABek, horren harian, "ezinegona sumatu du lantegietan". Sindikatu abertzalearen ustez, sindikatuen ordezkaritza neurtzen den bezala, patronalaren ordezkaritza ere neurtu beharko litzateke, baina "Eusko Jaurlaritzak ez du hori neurtzeko borondate politikorik", salatu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Euskal Herrian Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB albisteak Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana berriak CEBEK Ekonomia berriak Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia Sindikatuen albistea CCOO UGT albisteak Soldatak Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioa