Ekonomia -
MINISTROEN KONTSEILUA
Lehorteak kaltetutako nekazarientzako laguntza zuzenak onartuko ditu gaur Espainiako Gobernuak
Ministroen Kontseiluak lehorteari aurre egiteko neurri sorta bat onetsiko du, tartean, beherapenak nekazarien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) edo salbuespenak nekazaritzako Ondasun Higiezinen gaineko Zergan.
AGENTZIAK | EITB Media
Espainiako Gobernuak Ministroen Kontseiluaren ezohiko bilera deitu du gaur, lehorteari aurre egiteko neurriak onartzeko. Batzar horretatik neurri sorta bat ateratzea espero da, tartean, zuzeneko laguntzak, beherapenak nekazarien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) edo salbuespenak nekazaritzako Ondasun Higiezinen gaineko Zergan.
Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoa 12:30ean hasiko da, eta agerraldian parte hartuko dute Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak, Teresa Ribera Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak eta Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak.
Aurreikuspenen arabera, nekazarientzako 650 milioi euroko laguntza zuzenak eta PFEZ zergan 1.807 milioi euroko murrizketak onetsiko ditu Espainiako Gobernuak.
Neurri horiei Espainiako Gobernuak iazko martxoaren 15ean zergen, lanaren, gizartearen eta finantzen arloan onartu zuen nekazaritza sektorerako laguntzen dekretutik eratorritakoak gehitu behar zaizkie.
Era berean, 650 milioi euroko balioa duten zuzeneko laguntzak bideratu dira abeltzaintzara, zitrikoen sektorera eta ongarrien kostuak arintzera.
Halaber, gaurko neurriek ahalbidetuko dute enpresa eta autonomoentzako gizarte kuotak atzeratzea, nekazaritzako dirulaguntzak jasotzeko beharrezkoak diren gutxieneko lanegunak murriztea eta sektorearen likideziari laguntzeko maileguak eta abalak ematea.
Bestalde, nekazaritzako aseguruak kontratatzea sustatuko da, Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntzak malgutuko dira lehorteari aurre egiteko, eta ustiategi batzuk landako Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ordaintzetik salbuetsiko ditu.