Ekonomia -

Lan gatazka

Bizkaiko ostalariak bederatzi orduko lanuztea egitera deitu dituzte gaur

07:00etatik 10:00etara, 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 22:00etara taberna eta jatetxeak itxiko dituzte, lan hitzarmen "duin" bat eskatzeko. Gainera, Bilbon manifestazioa egingo dute 20:00etan, Ledesma kaletik hasita.

Bilboko Plaza Barriko terraza bat. Artxiboko argazkia: EFE
Bilboko Plaza Barriko terraza bat
Bilboko Plaza Barriko terraza bat. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bederatzi orduko lanuztea deitu dute Bizkaiko ostalaritzan gaur, ostegunarekin, hitzarmen "duin" bat eskatzeko. Zehazki, 07:00etatik 10:00etara, 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 22:00etara taberna eta jatetxeak ixteko deia egin dute.

Lanuzteekin bat eginez, mobilizazioak egingo dituzte goizean, eguerdian eta arratsaldean: 08:00etatik 09:30era Zornotzako Gasca eta Vascaren sukalde nagusietan; 13:00etatik 14:00etara, Bilboko Nix eta Radisson hoteletan; eta, azkenik, Bilbon manifestazioa egingo dute 20:00etan, Ledesma kaletik hasita.

Iragan astean, patronalaren egoitzaren aurrean sindikatuek egindako elkarretaratzean salatu zutenez, pandemiaren ondorioak jasaten ari dira oraindik ere. Deialdia egin duten sindikatuen arabera, pandemiaren ondorioei patronalaren blokeoa gehitu behar zaie: "2020ko urtarriletik ez digute soldata igo. Denbora tarte horretan enplegu erregulazioko espedienteak izan ditugu. Horiek ez diote gure sektoreari irtenbiderik ekarri; are gehiago, gure baldintzak okertu dituzte".

"Gizarte osoa kalera atera zen gure sektoreari babesa emateko. Ordudanik kontsumorako prezioen indizea % 12 hazi da, baina gure soldatak batere. Ostalaritzan prezioak % 15 garestitu dira, baina gure soldatak batere", erantsi zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia ELA LAB Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Jatetxeak Tabernak CCOO UGT albisteak Lan gatazkak Manifestazioak gaur