Krisi Ekonomikoa -
Bankuen erreskatea
Espainiak % 3 edo 4tik beherako interesa ordainduko du erreskategatik
Bankuen kredituagatik Espainiak ordaindu beharko duen interesa "oso txikia" izango dela esan du Ekonomia ministroak Ecofineko bilerara iritsi denean.
Erredakzioa
Espainiak bankuen sektorea onbideratzeko Europatik jaso dituen laguntzagatik, ziurrenik, % 3 edo % 4tik beherako interesak ordainduko dituela esan du Luis de Guindos Ekonomia ministroak.
"Interes-tasa oso txikia izango da", esan du Ekonomia ministroak Bruselan, Ecofinen bilera hasi aurretik, baina "baxuagoa ere izan daiteke", adierazi du. Ecofin Ekonomia eta Finantza Kontseilua Europar Batasuneko estatuetako ekonomia eta finantzetako ministroek osatzen dute Ekonomia eta Diru Batasunari dagozkion gaiak eztabaidatzeko eta ekonomiaren arloko politikak koordinatzeko.
Interesak ordaintzeko epea 10 urteren bueltakoa eta maileguen epemugen batez bestekoa 12,5 urtekoa izango dela gaineratu du.
Europak bankuei emango dien laguntzetarako Eurogunean lortutako bi akordioen inguruan, "independenteak" direla esan du.
"Urtebete gehiago lortu dugu defizita gutxitzeko, konpromiso gehiago hartu gabe", nabarmendu du; "aurretik zeuden baldintzez gain, ez dago besterik", gaineratu du. Halaber, defizita gutxitzeko doitze neurriak hartzeko konpromisoa berretsi du ministroak.
Bankuei dirua zuzenean ematearen inguruan, "azkar" egin daitekeela esan du ministroak, eta behar izanez gero, hil honen amaieran 30.000 milioi euro erabilgarri izan ditzaketela nabarmendu du.
"Espainiako entitateen birkapitalizaziorako eta finantza sistemaren kaudimenerako akordioa oso positiboa da", adierazi du de Guindosek eta era honetan, berriz ere kredituak emateko aukera bermatuko dutela esan du.