Ekonomia -

EURIBORRA

Euriborrak beste koska bat egin du gora maiatzean eta hileko tasa % 3,86an kokatu da

2008ko azarotik izandako hileko tasarik handiena da, eta Espainiako Estatuko tasa aldakorreko hipoteken erreferentzia indizea hamazazpigarren hilabetez jarraian igo da.

Euriborraren eboluzioa. Grafikoa: EITB Media
Euriborraren eboluzioa. Grafikoa: EITB Media
Euriborraren eboluzioa. Grafikoa: EITB Media

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

12 hilabeterako euriborraren indizeak beste koska bat gora egin du maiatzean, eta hileko tasa % 3,862an kokatu da.

Espainiako Estatuko hipoteka aldagarri gehienak kalkulatzeko gehien erabiltzen den indizea % 3,757koa izan zen apirilean. Gauzak horrela, tasa aldakorreko hipoteken erreferentzia-indizea hamazazpigarren hilabetez jarraian igo da.

Gauzak horrela, euriborraren hazkundeak eragina izango du maiatzeko datuarekin berrikusi behar diren hipoteka aldakorretan. Adibidez, 25 urtean itzultzeko 180.000 euroko hipoteka eskatu duen familia batek 344,94 euro gehiago ordainduko ditu hilean.

OHARRA: Eduki honek grafiko interaktibo bat du, app-tik kanpo behar bezala ikusteko, jarraitu esteka honi

Martxoaren 9an euriborra % 3,978an kokatu zen, ia % 4an. Hala ere, Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako hainbat bankuk krisia izan ondoren, euriborrak behera egin zuen eta egun horietan eguneko tasa % 3,322ra jaitsi zen.

Behin bankuen krisia igarota, euriborrak gora egiten jarraitu du, eta, gaur, maiatzak 31, eguneko tasa % 3,939raino iritsi da.

Merkatuak eta adituek aurreikusten dute Europako Banku Zentralak berriro ere interes tasak igoko dituela ekainaren 15eko bileraren ostean. Maiatzeko bileran, Europako Banku Zentralak (EBZ) interes tasak % 0,25 igo zituen, % 3,75eraino, eta iragarri zuen ez zela azken igoera izango. 

Euriborraren igoerak eragin zuzena du higiezinen merkatuan. Esaterako, EAEn eta Nafarroan iazko martxoan baino % 14 hipoteka gutxiago sinatu dira aurtengoan. Halaber, Etxebizitzen salerosketak % 3,76 jaitsi dira martxoan Hego Euskal Herrian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hipotekak albisteak Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Etxebizitza albisteak