Ekonomia -
Maiatzaren aldean
Inflazioak % 0,2 egin du behera ekainean
Urte arteko datuari dagokionez, KPI % 1,9an geratu da, aurreko hilabetean bezalaxe. EAEko datuak Estatukoaren berdinak dira. Nafarroan % 2an geratu da urte arteko inflazioa.
Erredakzioa
Urte arteko inflazioa % 1,9an geratu da ekainean, maiatzeko kopuru berdinean, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) emandako kontsumorako prezioen indizean (KPI) agertzen denez.
Hori horrela, INEk asmatu egin zuen aurreko ekainaren 28an argitaratutako datu aurreratuan.
Garraioaren, barazkien, haragien eta itsasoko elikagaien prezioen beherakadak eragin du inflazio tasa hor geratzea.
KPI armonizatuaren (Euroguneko estatu guztietan metodo berdinarekin neurtzen dena) datu aurreratuaren berri ere eman dute gaur, eta horren arabera, ekainean % 1,8an geratu da, aurreko hilean baino % 0,1 beherago.
Hilabete arteko datuari dagokionez, KPI bi hamarren jaitsi zen ekainean maiatzarekin alderatuta, erregaien eta lubrikatzaileen merkatzearen ondorioz garraioko prezioak % 1,5 murriztu direlako.
EAEko datuak Estatukoaren berdinak dira. Nafarroan, berriz, % 2an geratu da urte arteko inflazioa, eta prezioak % 0,1 merkatu dira aurreko hilabetearen aldean.