Krisi Ekonomikoa -
Azken neurrien ostean
Rajoyk PPko kideei: 'Ez dugu zertan lotsatu'
Kalera "burua makurtu gabe" irteteko eskatu die Gobernuko presidenteak PPko kideei. Ostiralean onartutako neurriekin, 2014 bitartean 56.440 milioi euro biltzea espero du Exekutiboak.
Erredakzioa
Ostiralean adostutako azken neurri ekonomikoen harira, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak PPko kideei esan dienez, "ez dugu zertan lotsatu". "Neurri zailak hartu ditugu baina kalera burua makurtu gabe atera behar zarete, ez zaretelako gutxi batzuren interesak defendatzen ari, espainiar guztien onerako lan egiten ari zaretelako baizik", esan die Rajok PPko kideei Andaluziako PPko 13. Lurralde-Kongresuaren itxiera ekitaldian, Granadan.
"Gu txalotzen ari direnen onerako ari gara lan egiten, baita protestatzen dutenen onerako ere", azpimarratu du. "Sakrifizio hauek eragin ditzaketen frustrazioak ukertu ditzaket baina neurri hauek ezarriko ez bagenitu, gauzak are okerrago egongo lirateke", azaldu du presidenteak. "Ez gara nahi genuena egiten ari, baina bai egin beharrekoa egiten", esan du Rajoyk.
56.440 milioi euro aurrezteko
Ostiral honetan onartutako azken neurriei esker 2014ra bitartean 56.440 milioi euro biltzea espero du Mariano Rajoyren Gobernuak. Bildutakoaren % 40 BEZaren igoerari esker izango da, Ekonomia eta Lehiakortasunerako Ministerioak zabaldutako datuen arabera.
Horrela, Rajoyren Exekutiboak 22.100 milioi euro bilduko ditu BEZaren igoerari esker, 13.760 milioi euro enplegu sailean egindako murrizketei esker, eta beste 9.220 milioi euro alor publikoan egindako murrizketei esker.
Doikuntza honi esker, 2012an 13.530 milioi euro bilduko dituzte, 22.865 milioi euro 2013an, eta 20.045 milioi euro 2014an (guztira, 56.440 milioi euro).
Ostiral honetan Ministroen Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan ministroek uko egin zioten diru-bilketaren gainean informazioa emateari. Larunbat honetan, ordea, atzerriko inbertitzaileei eta komunikabideei zuzendutako The Spanish Economy webgunean zabaldu dute informazio hau.
'Sentsibilitatearekin' egindako erreformak Fatima Bañez Enplegu eta Segurtasun ministroak larunbat honetan esan duenez, Gobernuak hartutako azken neurriak "gogorrak baina nahitaezkoak dira, sozialistek egindako zorpetzeari amaiera emateko". "Sentsibilitatearekin egindako erreformak dira", azaldu du.
"Baten batek uko egingo dio aldaketari, baina espainiar onen gehiengoa lasaitasunarekin arituko da", esan du Bañezek. "Espainia egoera honetatik aterako da ahaleginak lagunduta", iragarri du.
Espainiaren erreskatea
Jens Weidmannek, Bundesbank Alemaniako banku zentralaren presidenteak, erreskatea banketxeentzat ez ezik, herrialdearentzat eskatzeko gomendatu dio Espainiari.
"Banketxeen kontuak ekonomia osoaren isla izan ohi dira", esan du Weidmannek Börsen Zeitung Alemaniako egunkarian. Horren iritziz, Espainiak arazo oso larriak ditu, besteak beste, langabezia tasa eta defizita, eta ondorioz, lehenbailehen esku hartu behar dela uste du.
Bundestagek (beheko ganbara) uztailaren 19an bozkatuko du Espainiako banketxeen laguntza babesten duen ala ez, baina ez da ezustekorik espero, izan ere, Gobernuak eta oposizioak neurriaren alde bozkatuko dutela uste da.
BEZa irailean igoko da
Cristobal Montoro Ogasun ministroak iragarri duenez, BEZ zergaren igoera irailaren 1ean izango da, beharrezko denbora eskaini eta jarduera ekonomikoari kalterik ez egiteko.
BEZ zergaren tipo orokorra % 18tik % 21era igoko da eta murriztua % 8tik % 10era. Oinarrizko elikagaiei dagokien BEZa, berriz, bere horretan utziko dute, % 4an, "gizartea bereziki ez kaltetzeko".
Garraioak, ostalaritzak, turismoak eta elikagai gehienek, edari freskagarri barne, BEZ murriztuaren atalean jarraituko dute. Aldizkarietan eta egunkarietan ere % 10eko BEZa ordainduko dugu. % 21eko atalean izango dira aurrerantzean ile-apaindegi eta estetika zerbitzuak, diskotekak, hileta zerbitzuak eta ikuskizunak (antzokiak, zinema, kirol ikuskizunak, kontzertuak, museoak eta zoologikoak, besteak beste). Betaurrekoen eta lentillen zerga ere igo egingo da.