Krisi Ekonomikoa -
Merkataritza Ganbera
Bilboko Ganberak oso gaizki ikusten du ekonomia,hazteko aukerarik gabe
Jose Angel Corres presidenteak uste du Gobernuaren murrizketak "denboraz kanpo" iritsi direla eta "alde batera" uzten dutela ekonomia erreala.
Erredakzioa
Bilboko Merkataritza Ganberarentzat "oso txarra" da egungo egoera ekonomikoa eta urteko bigarren seihilekoan ez duela hobera egingo uste du.
Jose Angel Corres Bilboko Merkataritza Ganberaren presidenteak prentsaurreko batean azaldu duenez, Gobernuaren murrizketak "denboraz kanpo" iritsi dira, ekonomia erreala "bazterrean" uzten dute eta ez dute helburua lortuko, eta ondorioz "askoz neurri gehiago" hartu beharko dituzte.
2012an EAEko ekonomiak % 1 edo 1,5 atzera egingo duela eta 2013an % 0,1eko hazkundea izango dela aurreikusi du Bilboko ganberak.
Bilboko Merkataritza Ganberak egoera ekonomikoaren inguruan egindako azterketan agertzen denez, ekoizpenaren eta kontsumo pribatuaren "beherakada handiaz", eta enpresen finantziazio arazoez gain, "sektore publikoko murrizketen protagonismo negatiboa" dago.
Corresek kritikatu du PPren Gobernuak onartutako neurriak "kontu publikoetara mugatuta" daudela eta "bazterrean" utzi dutela jarduera ekonomikoa.
Haren esanetan, BEZ zergaren igoera aspaldi egin behar zen, Europar Batasuneko baxuenetakoa zelako, baina orain "ez da ona izango", merkataritza "muturreko egoeran" baitago.
Bestalde, Corresek salatu du Gobernua Jaurlaritzaren eskumenak urratzen ari dela, denden ordutegien kasuan esaterako.