Ekonomia -
KONTSUMORAKO PREZIOEN INDIZEA
Abuztuko KPI aurreratua % 2,6raino igo da eta azpiko inflazioa % 6,1era jaitsi da
Espainiako Estatuan, urte arteko tasa uztailean baino hiru hamarren handiagoa izan da.
EITB Media
Kontsumoko Prezioen Indizearen urte arteko tasa % 2,6raino igo da abuztuan, iazko hilabete bereko datuekin alderatuta, Espainiako Estatistika Institutuak gaur aurreratutako datuen arabera. Uztailetik abuztura, berriz, prezioak bost hamarren garestitu dira.
Urte arteko inflazioak bigarren hilabetez jarraian egin du gora, batez ere, erregaiak garestitzearen ondorioz; aitzitik, argindarra iazko abuztuan baino gutxiago garestitu da.
Uztailean, Espainiako Estatuko KPIak lau hamarren egin zuen gora, % 2,3raino.
Azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena, hamarren bat jaitsi da abuztuan, % 6,1eraino, aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta.
Abuztuko datu aurreratua datorren irailaren 12an baieztatuko du Espainiako Estatistika Institutuak.
Espainiako Ekonomia Ministerioak ohar bidez azpimarratu duenez, Espainia "euroguneko inflazio txikieneko herrialde gisa egonkortu" da, azken urtean zortzi puntu jaitsi baita.