Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa, telefonoz
'Euroa babesteko' ahal duten guztia egingo dute Italiak eta Alemaniak
Merkelek eta Montik egindako adierazpena Merkelek eta Hollandek ostiralean eta Mario Draghi Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak ostegunean egindakoen oso antzekoa da.
Erredakzioa
"Eurogunea babesteko beharrezkoak diren erabaki guztiak" hartuko dituztela iragarri dute Mario Monti Italiako lehen ministroak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak.
Monti eta Merkel telefonoz aritu ziren larunbatean, euroak bizi duen krisiaren inguruan, Italiano Gobernuak aditzera emandakoaren arabera.
"Biak bat etorri dira Alemaniak eta Italiak Eurogunea babesteko behar diren erabakiak hartuko dutela adieraztean. Bien iritziz, ezinbestekoa da ekainaren 28an eta 29an egindako Europako Kontseiluan adostutako neurriak aplikatzea, inolako atzerapenik gabe", azaldu du Exekutiboak.
Kontseilu horretan Europako erreskate funtsak merkatuek mehatxatuta bizi diren herrialdeen zorra erosteko erabiltzea erabaki zuten, besteak beste.
Hollande eta Draghi
Merkelek eta Montik egindako adierazpena Merkelek eta Hollandek ostiralean eta Mario Draghi Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak ostegunean egindakoen oso antzekoa da.
Merkelen eta Montaren arteko telefono-elkarrizketa Altxorraren bonoen enkante berri baten atarian izan da. Enkantea astelehenean izango da eta Euroguneko merkatuak adi-adi egongo dira.