Ekonomia -
LAN-ISTRIPUAK
Lau langile hil dira azken hiru urteotan Arabako upategietan "ardoaren bafada" arnastuta
Mahatsen hartzidura prozesuan sortzen den gasari esaten zaio "ardoaren bafada". Gas horren pilaketa handia denean, hilgarria izan daiteke.
EITB MEDIA
Lau dira azken hiru urteotan Arabako upategietan "ardoaren bafada" arnastuta hil diren langileak. Atzo Lantziegon izandako bi heriotzei, 2020an Lapuebla de Labarcako upategi batean oso antzeko egoera batean izandako beste bi gehitu behar zaizkie. Orduko hartan ere, bi langile hil ziren karbono dioxidoa arnastuta.
Mahatsen hartzidura prozesuan sortzen den CO2 gasari esaten zaio "ardoaren bafada". Ez da ikusten eta ez da usaintzen, eta, beraz, oso zaila da pertsonek gas hori atzematea. Kopuru txikietan ez da arriskutsua, baina gas horren pilaketa handia bada, hilgarria izan daiteke. Mahatsaren hartzidura prozesuan modu naturalean sortzen da CO2a, dolarean dagoen muztioaren azukrea alkohol bihurtzen den bitartean.
Aireztatzea ona ez bada, upategian gasa azkar zabaltzen da eta berehala utz dezake konorterik gabe pertsona bat, heriotza eraginez. Garai batean, tximinia moduko batzuk erabiltzen ziren gasa kanporatzeko. Horrez gain, ardogileek kandelak edota txiskeroak ere erabiltzen zituzten upategietan CO2a atzemateko. Gailu horien sua itzaliz gero, oxigenoa falta zen seinalea zen.
Gaur egun, teknologia berriei esker, gas toxikoa atzemateko sentsore bereziak dituzte upategiek eta aireztapen berezia izaten dute.
LAB sindikatuak gogor gaitzetsi ditu heriotza hauek guztiak, eta Eusko Jaurlaritzari zein Arabako Aldundiari neurriak hartzeko eskatu die.
Ohar bidez, zentral abertzaleak azaldu du gas toxikoek eragiten dituzten arriskuen aurrean ezarri beharreko prebentzio neurriak betearazi behar dituztela erakundeek.