Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Aguirre: 'Erkidegoen arteko zorraren banaketa txapuza bat da'
Ekonomia sailburuak azpimarratu duenez, "Rajoyk bultzatutako politika ekonomikoak hazkunderik ez izatera kondenatuko gaitu eta bide horretan ez du Jaurlaritzaren laguntzarik izango".
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak zorra erkidegoen artean banatzeko aukeratu duen modua "txapuza estratosferikoa" dela esan du Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak. Ildo berean, defizitaren banaketa ere gogor kritikatu du.
"Rajoyk bultzatutako politika ekonomikoak hazkunderik ez izatera kondenatuko gaitu eta bide horretan ez du Jaurlaritzaren laguntzarik izango", nabarmendu du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
Joan den asteartean autonomia erkidegoen zorpetze muga ezarri zen kontseiluan parte hartu zuen Aguirrek. Esparru horretan Jaurlaritza Espainiako Gobernuarekin elkarlanean ari dela gogoratu eta bilera horretara Euskadiren interesak defendatzera joan zela azpimarratu du.
Bi gobernuen artean akordio batera heltzeko aukerari buruz galdetuta, Aguirrek esan du Jaurlaritzak ez duela inolako hitzarmenik sinatuko, zorpetze mugarekin ados ez dagoelako eta plan horretan Euskadiren kalterako elementuak daudela uste dutelako.
"Akordio baterako heltzeko, lehendabizi aurrekontuaren egonkortasunerako helburuak betetzeko baldintzak dauden zehaztu behar da, baita gure politikak ezartzeko baldintzak dauden ere", azaldu du.
Bestalde, kontu publikoak argiak ez direla esanez EAJk Jaurlaritzari egindako kritikak ere izan ditu hizpide eta horrelako adierazpenak entzutean "harritu" egiten dela esan du.
Jaurlaritzaren webgunean begiratzeko gomendatu dio EAJri, "aurrekontu guztien likidazioak bertan daudelako". "Zehaztutako epeetan ordaintzen duen erkidego bakarra Euskadi da eta, bestela, esan diezagutela zein den ordaindu gabe dagoen faktura", erantsi du.