Ekonomia -

SUHILTZAILEEN LEGEA

Emakume suhiltzaileek "bigarren jardueran" jarraitu ahal izango dute bi urtez, erditu ondoren

Bigarren jardueran aritzeak esan nahi du suhiltzaileen ohiko lanaz aparte dauden zereginetan (komunikazioa, mantenua...) aritu ahal izango direla erditu ondorengo lehen 24 hilabeteetan.

Suhiltzaileak Eibarren lanean. Artxiboko irudia: EITB Media
Suhiltzaileak Eibarren lanean. Artxiboko irudia: EITB Media
Suhiltzaileak Eibarren lanean. Artxiboko irudia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suhiltzaileen euskal legeak emakumeen presentzia bultzatzea du helburu, eta, besteak beste, ama izan ostean bigarren jardueran egoteko eskubidea bermatuko die emakumeei ondorengo bi urteetan. Legea datozen egunetan onartuko dute; izan ere, Legebiltzarrean babes zabala lortu du, EAJk eta PSEk EH Bildurekin hainbat zuzenketa adostu ostean.

Hala, emakumeak behin amatasun bajatik itzultzen direnean, suhiltzaileen ohiko lanaz aparte dauden zereginetan (komunikazioa, mantenua...) aritu ahal izango dira ondorengo bi urteetan.

Hitzarmenak sindikatuen eskaera nagusietako batzuk jaso ditu, eta, gainera, jatorrizko testutik polemika gehien sortu duen aldeetako bat bertan behera geldituko da: Suhiltzaileen LEPan diseinua Arkauteko Akademiaren esku uztea. Itunak puntu hori bertan behera utziko du, eta hiriburuetako udalek eta hiru aldundiek diseinatuko dituzte aurrerantzean probak, sindikatuekin negoziatu ondotik.

EH Bildu pozik agertu da adostutakoarekin, sektoreko profesionalen aldarrikapen nagusiak jasotzen dituela uste baitu. "Uste dugu lege-testua nabarmen hobetu dela, eta hala ulertzen dute, halaber, suhiltzaileen ordezkari sindikalek eta profesionalek", azaldu du Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak.

Lege-proiektuaren arabera, Lan Eskaintza Publiko bakoitzean plazen % 25 eta % 40 artean emakumeentzako gordeko dira, emakumeen presentzia bultzatu asmoz; izan ere, 1.346 agentetatik 36 baino ez dira emakumeak gaur gaurkoz.

Era berean, akordioak zerbitzuen funtzioen katalogo zabal bat zehazten du, eta, behin legea onartzen denean, gainera, suhiltzaileak "agintaritzaren agentetzat" hartuko dira, eta eskala eta lerro hierarkiko bakarrean integratuko dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Suhiltzaileak