Ekonomia -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Aranburu: "Jaurlaritzak asko aldatu beharko luke jarrera, abenduaren 19ko greba deialdia birplanteatzeko"

"Aste honetan bertan aurrekontu proiektua ezagutu dugu, eta hor ere ez diote sektore publikoaren eskariari erantzun, alegia, ez dituzte greba egitera eraman gaituzten arrazoiak kontuan hartu", esan du LABeko koordinatzaile nagusiak.

Garbiñe Aranburu Radio Euskadiko "Boulevard" saioan
Garbiñe Aranburu Radio Euskadiko "Boulevard" saioan
Garbiñe Aranburu Radio Euskadiko "Boulevard" saioan

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburu Radio Euskadiko "Boulevard" saioan izan da ostegun goiz honetan, atzo sektore publikoan egindako grebaren balorazioa egiteko eta aurrera begira aldatu beharreko jarrerak aztertzeko. Epe laburrean, hots, abenduaren 19ko deialdia baino lehen, ezer gutxi aldatzeko itxaropena erakutsi du elkarrizketan.

Hain zuzen ere, bigarren lanuztea bertan behera uzteko aukeraz galdetuta, hau adierazi du: "Oso goiz da horri buruz hitz egiteko, baina Jaurlaritzak asko aldatu beharko luke jarrera, horretarako". "Aste honetan bertan aurrekontu proiektua ezagutu dugu, eta hor ere ez diote sektore publikoaren eskariari erantzun, alegia, ez dituzte greba egitera eraman gaituzten arrazoiak kontuan hartu", esan du.

Aurretik, atzoko grebaren balorazioa egin du. "Sektore publikoarentzat arrakasta hutsa izan zen; Jaurlaritzarentzat, aldiz, porrota". Lerroburu horrekin laburtu du atzoko egunak emandakoa. Jaurlaritzari, gainera, kritika egin dio "aldebakartasunaren eta negoziazio ezaren" Gobernua dela iritzita.

Hori horrela, azpimarratu du negoziazioei eusteko ordua dela. "Benetako elkarrizketak behar ditugu, eta hori negoziazio mahaian erakutsi behar dute, orain arte ez bezala. Dagoeneko hartuta zituzten erabakiak helarazteko erabili izan dituzte negoziatzeko egindako hitzorduak. Azken batean, mobilizazioen helburua da negoziazioak formalizatzea, eta horiek aurrera eramateko indarrak hartzea. Greba azken aukera izan ohi da, negoziazioen porrotaren fruitu", zehaztu du.

Horri guztiari erantsi dio Madrileko negoziazioak ere bide onetik eraman behar dituztela, "existitzen diren betoak desagerrarazteko eta soldatak nahiz lan baldintzak Euskadin bertan negoziatu ahal izateko". Dena den, argi utzi du Jaurlaritza ezin dela aitzakia horretaz baliatu, "badirelako beto horiek gainditzeko formulak". "Haientzat aitzakia perfektua da gure aldarriei entzungor egiteko", bukatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza LAB Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak