Krisi Ekonomikoa -
Krisia eurogunean
Obamak Rajoyri deitu dio euroguneko krisi ekonomikoaz hitz egiteko
Azken hilabeteotan, AEBetako presidenteak Europako buruei neurriak hartzearen beharra nabarmendu die euroguneko krisia kontrolatzeko, eta munduko beste eskualdetara krisia ez kutsatzeko.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak Mariano Rajoy Espaininiako presidenteari deitu dio astelehen honetan, eta euroguneko krisiaren bilakaeraz hitz egiteko, Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak jakitera eman duenez. Dirudienez, "ordu erdiko" deia izan da, eta Espainiako ekonomia, Europar Batasunekoa eta mundu mailakoa aztertu dute.
“Presidenteak duela gutxi amaitu du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin izandako deia, euroguneko egoera ekonomikoa aztertzea izan duena helburu”, esan du Carneyk prentsaurrekoan.
Carneyk azaldu duenez, Etxe Zuriak dei horren inguruko informazio gehiago aste honetan zehar emango du. Halere, merkatuen egoeraz hitz egin dutela esan du, eta Espainiako presidenteak Obamaren aurrean Gobernua eta espainiarrak defizit publikoa murrizteko egiten ari diren "ahaleginak" nabarmendu dituela gaineratu du.
Lehengo astean Obamak telefonoz hitz egin zuen François Hollande Frantziako presidentearekin eta Mario Monti Italiako lehen ministroarekin. Biekin bat etorri zen euroguneko egoera egonkortzeko beharraren inguruan, Etxe Zuritik azaldu dutenez.
Azken hilabeteotan, Obamak Europako buruei neurriak hartzearen beharra nabarmendu die euroguneko krisia kontrolatzeko, eta munduko beste eskualdetara krisia ez kutsatzeko.