Krisi Ekonomikoa -
KRISIA EUROGUNEAN
Finlandia eurogunearen balizko haustura baterako prestatzen ari da
Europaren zatiketak ‘Europar Batasunak hobeto funtzionatzea’ egin lezakeela uste du Kanpo Harremanetarako ministroak.
Erredakzioa
Erkki Tuomioja, Finlandiako Kanpo ministroak "The Daily Telegraph" egunkarian adierazi du, bere herrialdeak eurogunearen haustura bati aurre egiteko prest egon behar duela. "Finlandian ez du inork hori nahi, eta are gutxiago Gobernuak, baina prest egon behar dugu", hala baieztatu du ministro sozialdemokratak, eta “zerbait gertatuz gero, plan eraginkor bat” prest izan behar dutela gehitu du.
"Telegraph" egunkariari eskainitako elkarrizketan, ministroak esan du “Eurogunea zatitzeak ez duela esan nahi Europar Batasunaren bukaera izango denik”, alderantziz, “Europar Batasunak hobeto funtzionatzea” egin lezakeela aitortu du.
"Ez ditugu lagundu nahi, ez dituztelako neurriak bete"
Jyrki Katainen kontserbadorearen zuzendaritzapean dagoen koalizioak, ez die Greziari, Portugali eta Espainiari diru laguntzarik eman nahi, ez baitzaie "bidezkoa" iruditzen, Finlandiak, euroaren egonkortasunerako neurriak bete dituen herrialde batek, bete ez dituztenei lagundu behar izatea.
Finlandia beste herrialde batzuen zorra erostearen kontra agertu da, izan ere, Europako Egonkortasunerako Mekanismoa “dirurik gabe” geldituko dela uste du.
Europak konpromisoa eskatu du
Europako Batzordeak Finlandiari gogorarazi dio “herrialde guztietako buruek eurogunearen osotasunerako konpromisoa” erakutsi behar dutela, eta “behar den guztia” egin behar dutela, hala mantendu dadin. Europako exekutiboak gaineratu du ez dutela planik egin Grezia eurotik ateratzen denerako, “ez delako” hori gertatuko.