Ekonomia -
2013rako aurrekontuak
De Andres: "Aldaketarik gabe, Lopezek ezingo ditu aurrekontuak egin"
De Andresen ustez, gastu publikoa igoz arazoa konpontzen dela uste duenak bost egunetan ingelesa ikasi daitekeela uste duenaren jarrera berdina dauka.
Erredakzioa
Javier De Andres (PP) Arabako ahaldun nagusiaren ustez, "bere politikan funtsezko aldaketarik egin ezean" Eusko Jaurlaritzak ezingo ditu hurrengo urterako aurrekontuak egin, ez baitu behar besteko errekurtsorik izango. De Andresek Arabako kurtso politikoaren hasiera aztertu du komunikabideen aurrean egindako agerraldian, eta krisiak eragindako "alarma egoeraren aurrean" administrazioek erabakiak hartu beharko dituztela azpimarratu du. Krisiari aurre egiteko gobernu indartsu bat behar dela esan du De Andresek, eta hurrengo urterako aurrekontua "egonkortasun instituzional berri batetik" egin beharko litzatekeela uste du, nahiz eta ez duen hauteskundeen aurrerapena era esplizitu batean aipatu. "Ematen ari diren diru bilketaren datuekin, Gobernu sozialistak ezingo du 2013rako aurrekonturik egin bere politikan funtsezko aldaketarik egiten ez badu, gaur egun duen diskurtsoaren aurkakoa izango litzatekeelako".
Ingelesa bost egunetan ikastea bezala Dagoeneko kredituen mugak gainditu direla azaldu du, eta erakunde publikoek gastuari aurre egin beharko diotela gogorarazi du. "Jarduera politikoan egoera eroso batean dagoena ez dabil egin beharko lukeena egiten", gaineratu du.
De Andresen ustez, arazoa gastu publikoa handituz konpontzen dela uste duenak dietan esfortzurik gabe 20 kilogramo galdu daitezkeela edo bost egunetan ingelesa ikasi daitekeela uste duenaren jarrera berdina dauka.