Krisi Ekonomikoa -

Rajoyren murrizketen aurka

ELAk eta LABek batera mobilizatu nahi ez izatea kritikatu du Sordok

Unai Sordoren iritziz, "ELAk eta LABek beti erantzuna zatitu nahi dute" eta Rajoyren murrizketen aurka "zentzugabeko" estrategia dela uste du.

Unai Sordo CCOOko EAEko idazkari nagusia.
Unai Sordo CCOOko EAEko idazkari nagusia.
Unai Sordo CCOOko EAEko idazkari nagusia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak mobilizazio bateratuak errefusatzea egotzi die ELAri eta LABi eta ildo honetan, Rajoyren murrizketen aurkako erantzuna "zatitzea" "zentzugabeko" estrategia dela uste du.

Datorren irailaren 26rako ELA eta LAB sindikatuek deitu duten greba orokorrak CCOOren jarduera "baldintzatu" egingo duela onartu du, baina "ez digu bidea markatuko", gaineratu du. Halaber, sindikatu abertzaleek gainerako sindikatuekin batera mobilizatu nahi ez izatea kritikatu du. Horren iritzian, "zentzugabea da, sindikatuak elkarren kontra jartzeko, ELAk eta LABek erantzuna zatikatu nahi izatea beti, eta langileek ezin dute jarrera hori ulertu", azaldu du.

"Guk gure estrategiarekin jarraituko dugu, eskua luzatuta, eta greba orokorra bertan behera utzi eta erantzun bateratu bat ematea erabakitzen badute, hitz egiteko prest egongo gara", adierazi du.

Radio Euskadin egin dituen adierazpenetan, Sordok EAEn "hitzarmen kolektiboak alde batera uzten eta soldatak gutxitzen" ari direla salatu du.

"Udazkena beroa" izango dela uste du eta bere sindikatua, une honetan, Madrilen irailaren 15ean egingo den mobilizazioan lanetan ari dela gaineratu du, murrizketen aurka "herrialde honetan inoiz egin den mobilizazio handiena izan dadin".

Gobernuak martxan dituen doitze neurrien inguruan herri galdeketa bat ere sustatuko dutela esan du.

Beste greba orokor baten inguruan, "jendez betetzea espero dugun tren batean gaude, eta geltokietako bat, seguruenik, greba orokor bat izango da", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea