Ekonomia -
Urkulluren eskaria
Jaurlaritza kontu-ikuskapena egiteko prest dago, EAJk ordaintzen badu
Idoia Mendia bozeramailearentzat "oso larria" da Diru Publikoaren Euskal Epaitegiaren eta beste erakunde batzuen lana "zalantzan" jartzea.
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du gobernuak ez duela "arazorik kontu-ikuskapen publikoa egiteko", Iñigo Urkulluk eskatu bezala, baina ikuskapen hori EAJk ordaindu beharko lukeela iritzi dio.
Hala ere, "harrigarria" iruditu zaio lehendakarigai jeltzalearen eskakizuna eta "oso larri"tzat jo du Diru Publikoaren Euskal Epaitegiaren eta beste erakunde batzuen lana "zalantzan" jartzea. "Jaurlaritzak atzerriko rating agentzien babes osoa du. Kontuak osasuntsu daude", gaineratu du.
Bestalde, kontu-ikuskapen "independentea" zer den azaltzeko deia egin dio Urkulluri, zeren agian "zalantzan jarri ditu hemen lan egiten duten kontu-ikuskapen guztiak".