Krisi Ekonomikoa -

Aberatsen zergen igoera

'Zoaz pikutara, ergel aberatsa!'

Liberation egunkariak Louis Vuittonen jabearen aurka egin du. Izan ere, Belgikako herritartasuna eskatu du, eta hori aberatsentzako zerga igoera saihesteko mugimendua dela uste du.

'Liberation' egunkariak Bernard Arnaulti eskainitako portada: "Zoaz pikutara, ergel aberatsa". Argazkia: 'Liberation'
'Liberation' egunkariak Bernard Arnaulti eskainitako portada: "Zoaz pikutara, ergel aberatsa"
'Liberation' egunkariak Bernard Arnaulti eskainitako portada: "Zoaz pikutara, ergel aberatsa". Argazkia: 'Liberation'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako pertsonarik aberatsenak, Bernard Arnaultek, polemika handia piztu du herrialde horretan, Belgikako herritartasuna eskatu baitu, hain justu François Hollande presidenteak aberatsei bideratutako zerga igoera iragarri baino lehenago.

Arnaultek argi utzi nahi izan du zergak Frantzian ordaintzen jarraituko duela, baina iritzi publikoak ez du sinisten. Izan ere, duela 30 urte, François Mitterranden Gobernuak aberatsen zergak igo zituenean, Arnault AEBetara joan zen, hiru urtez.

Iragarpenak piztu duen haserrearen erakusle, Liberation egunkariak gaurko aleko portadan publikatutako titularra: "Zoaz pikutara, ergel aberatsa!".

Kazetaren aburuz, "Bernard Arnaultek Belgikako herritartasuna eskatu izana aberatsenen egoismoaren adibide da".

Liberation-en titularra hitz-jokoa da, duela urte batzuk Nicolas Sarkozy presidenteak antzeko esaldi bat esan baitzion aldez aurretik iraindu zuen nekazari bati: "Zoaz pikutara, ergel txiroa!".

Bernard Arnault LVMH luxuzko produktuen taldeko presidentea da. Besteak beste, Louis Vuitton (moda); Moët & Chandon eta Dom Perignon (xanpaina); eta Parfums Christian Dior eta Sephora (perfumeak) enpresak biltzen ditu.

Forbes aldizkariak laugarren jarri du munduko aberatsenen zerrendan, eta 21.000 milioi euroko ondarea duela kalkulatu du.

Arnault Frantziako iparraldekoa da, baina, LVMHtik azaldu dutenez, lotura "pertsonalak eta profesionalak" ditu Belgikarekin.

Alderdi Sozialistak haren aurka egin du, eta "Sarkozyren garaiko gizon mimatua" dela esan du. François Fillon lehen ministro ohi eta seguru aski UMP alderdi kontserbadorean Sarkozy ordezkatuko duen buruzagiaren ustez, Luis Vuittonen jabearen erabakia egungo Gobernuaren "astakerien" ondorio da.

Igande honetan, François Hollande presidenteak 30.000 milioi euroko murrizketak iragarri ditu. Beste hainbat neurriren artean, urtean milioi bat eurotik gorako soldatak dituztenen zergak % 75era igotzea erabaki du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea