Krisi Ekonomikoa -
Ordezkarien bilera
CCOOk ez du baztertzen U-21aren ostean greba orokor bat deitzea
Europatik erreskatearen truke Espainiari ezarri nahi dizkioten baldintzak eztabaidatzeko eskatu dio Gobernuari Sordok.
Erredakzioa
Galiziako eta EAEko hauteskundeen ostean CCOOk ez duela greba orokor bat deitzea baztertzen iragarri du Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak. Bestalde, ELAk eta LABek irailaren 26ko greba orokorrerako, sindikatuen artean batasuna egotea eragotzi dutela kritikatu du.
Euskadiko CCOO sindikatuak Gasteizen egin duen ordezkarien arteko bileraren ostean iragarri du asmoa Sordok. Bertan, datozen hilabetetarako sindikatuaren estrategia zehaztu dute.
Irailean "data esanguratsua" hilaren 15ekoa izango dela azaldu du, Madrilen,"inoiz egin den mobilizazio handiena" egitea aurreikusi baitute.
Bestalde, Europatik erreskatearen truke Espainiari ezarri nahi dizkioten baldintzak eztabaidatzeko eskatu dio Gobernuari, eta horrela egin ezean, CCOOk kontsulta hori sustatuko duela esan du.
Irailaren 26ko deialdirako, sindikatuen arteko batasuna lortzen saiatu zirela nabarmendu du, baina "ELAK eta LABek, beti bezala, baztertu egin zuten", adierazi du.
Azkenik, "ez dago bermatuta Gobernuak pentsioak ukituko ez dituenik", adierazi du, "euren hitzak ez baitu bermerik ematen, egingo ez zituzten gauzak egin dituztelako".