Krisi Ekonomikoa -
Gobernuaren kontrol saioa
Erreskatea arrisku-sariak baldintzatzen duela esan du Rajoyk
Kongresuko lehen kontrol saioan, Rajoyk ez du argitu pentsioak eguneratuko dituen ala ez.
Erredakzioa
Erreskatearen eskaera arrisku-sariaren bilakaerak baldintzatzen duela adierazi du Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak. Halaber, ez du argitu datorren aurrekontuetan inflazioa orekatzeko pentsioak eguneratuko dituen ala ez.
Rubalcabak eta Rajoyk saio berriko lehen aurrez aurrekoa izan dute Kongresuan. PSOEko buruzagiak bertan esan duenez, erreskatea eskatzen badu, Espainiak ezingo ditu pentsioak eguneratu. Ildo horretan, erreskatea eskatuz gero herrialdeari ezarriko zaizkion baldintzak eztabaidatzeko eta bozkatzeko, Kongresuan agerraldia egiteko eskatu dio presidenteari.
Bestalde, Gobernuko presidenteak "ezer ez dakitenean" baldintzez hitz egitea kritikatu du, eta orain arte "Espainian pentsioak izoztu dituen alderdi bakarra" PSOE izan dela ekarri du gogora. Horregatik, Gobernuak etorkizunean egingo duenaren inguruan baloraziorik ez egiteko eskatu dio, eta egun duten arazo bakarra sozialistek utzitako defizit publiko handia murriztea dela gaineratu du.
"Hori da Espainiaren arazoa, zuek utzi zenutena", adierazi du.
PSOEren arabera, Gobernuak Andaluziako hauteskundeengatik atzeratu zuen aurrekontuen aurkezpena, eta orain, Galiziako eta EAEko hauteskundeak pasatzera itxarongo du erreskatea eskatzeko.
Azkenik, Kongresuak atzoko Bartzelonako independentziaren aldeko manifestazioa eta larunbatean murrizketan aurka Madrilen egingo den martxa aintzat hartu beharko lituzkeela uste du, ezin duelako "lurraldeetako eta gizarteko tentsioen hazkundetik at gelditu".