Ekonomia -

Langileen protesta

Galdakaoko Formica lantegiko langileek itxialdia hasi dute

Astelehenean greba mugagabea hasi zuten, eta gaur goizean itxialdia hasi dute enpresaren itxiera salatzeko.

Formica enpresako langileak. Argazkia: EITB
Formica enpresako langileak.
Formica enpresako langileak. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Formica enpresako langileek itxialdia hasi dute, gaur goizean, Galdakaoko lantegian korporazioaren itxieraren aurka protesta egiteko.

Enpresa batzordeak prentsaurrekoan adierazi duenez, itxialdia egiteko hamar langileko taldetan banatu dira, eta bi egunean behin txanda aldaketa egingo dute. Astelehenean, greba mugagabea hasi zuten, lanpostuen alde, eta asteazken honetan, itxialdia.

Enpresako jabeek irailaren 10ean lan-erregulazioko txostena aurkeztu ondoren abiatu dituzte langileek protestak. Formica enpresaren asmoa gaur egun dauden 205 langileetako 169 kaleratzea da, eta erabaki horrek produkzio saila "erabat ixtea" ekarriko du, enpresa-batzordearen arabera; izan ere, 14 lagun geratuko dira lanean, gehienak, administrazio-lanetan. Langileek salatu dutenez, "enpresaren helburu bakarra abantaila fiskalak izaten jarraitzea da".

Langileak, enpresaren jarrerarekin haserreGaldakaoko enpresako zuzendaritzak negoziaketetan "asmo txarrez" jokatu duela salatu du enpresa batzordeak, ez baitie langileei beharrezko dokumentazioa helarazi. "Lan erregulazio txostenaren arrazoiak eztabaidatzeko babesik gabe daude langileak, aurrez dokumentazioa jaso ez dutelako", salatu dute langile ordezkariek. Horrez gain, Formica enpresaren gehiengoa duen taldearen kontuak azaltzeko eskatu dute langileek, enpresak Galdakaoko eta Valentziako lantegien datuak soilik erakutsi baitizkie.

Bizkaiko Lan Ordezkaritzak eta Lan Ikuskaritzak "bizkarra ematen die" langileei, eta "kalean utzi nahi gaituzten horien alde jarri dira", langileen ustez. Enpresa-batzordeak gaineratu duenez, ez dago inolako arrazoirik produkzio saila ixteko, eta lan-erreforma "lanpostuak suntsitzeko, eta kalte-ordainak merkatzeko" egina dagoela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea