Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Espainiarekin ondo moldatzea eskatu du Lujuak, 'bezero nagusia' delako
ELA eta LAB sindikatuekin elkarrizketa ''erabat apurtuta'' dagoela baieztatu du Confesbaskeko presidenteak. Haren ustez, Espainiak erreskatea eskatu behar du.
Erredakzioa
Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak uste du komeni dela Euskadi Espainiarekin ondo moldatzea, Espainia baita bertako ekoizpen sistemaren bezero nagusia.
Radio Euskadin egin duen elkarrizketa batean, Lujuak esan du egun Espainiak bizi duen atzeraldi egoera ''luzerako'' doala, eta, krisitik ateratzeko, politikariek, enpresaburuek eta sindikatuek formulak adostu behar dituztela.
Halaber, Espainiako merkatuak Euskadiko enpresentzat duen garrantziaz ohartarazi du, Espainiak Euskadin ekoizten denaren % 40 erosten baitu. ''Bezero bat beti tratatu behar da ondo'', esan du.
Ez dago elkarrizketarik sindikatuekin
ELA eta LAB sindikatuekiko komunikazio bideak ''erabat apurtuta'' daudela baieztatu du Confesbaskeko buruak, baina Euskadiko enpresaburuak negoziatzeko prest daudela azaldu du.
Greba deialdia
Bestalde, hilaren 26rako deitutako greba eguna ''erokeria eta burugabekeria'' dela esan du, lehiakortasunari kalte egingo diolako.
Erreskatea
Halaber, finantza sistemak bizi duen ''kolapso'' egoeraren aurrean, Espainiak erreskatea eskatzea beharrezkoa dela uste du Lujuak. Confesbaskeko burua ziur da Espainiako baldintzak ez direla Greziarenak, Irlandarenak eta Portugalenak bezain zorrotzak izango.