Ekonomia -
Izendapena
Escrivaren izendapenak eztabaida berri bat sortu du Estatuko Gobernuaren eta PPren artean
Oposizioko alderdiaren ustez, ministro bat Espainiako Bankuko gobernadore jartzea erakundea "inbaditzea" da, eta gobernadore ordea aukeratzeko elkarrizketak eten ditu. Gobernuak asteazkenean aurkeztuko du Escriva hautagai gisa Kongresuan.
agentziak | eitb media
Jose Luis Escriva, Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio publikoko ministroa, Espainiako Bankuaren gobernadore izendatzea, Pablo Hernandez de Cosen ordez, Espainiako Gobernuaren eta PP oposizioko alderdi nagusiaren arteko liskar berri bilakatu da.
Tradizionalki, erakunde horretako gobernadorearen eta gobernadore ordearen hautaketa bi alderdi handien artean banatu izan da; hala, Gobernuan dagoen alderdiak gobernadorea izendatzen du eta oposizioko alderdiak haren bigarrena. Oraingoan, ordea, Pedro Sanchezek kontsultarik egin gabe hartu du erabakia.
Izendapenaren aurrean, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak "Espainiako Bankua inbaditu" nahi izatea leporatu dio Sanchezi, eta haren alderdia "aintzat ez hartzeko" esan du. "Ezin da goizean ministro izan eta arratsaldean erakunde hau zuzendu", adierazi du.
Escrivaren izena asteazken honetan izango da mahai gainean Diputatuen Kongresuan gobernadore kargurako, nahiz eta PP kontra agertu den. Carlos Cuerpo Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroak agerraldia eskatu du, Behe Ganberan izendapenaz azalpenak emateko.
Espainiako Gobernuak uztailean proposatu zion izena PPri, baina popularrek erabat errefusatu zuten proposamena, Gobernuko kide delako.
Espainiako Bankuaren gobernadorearen izena ez du Ministroen Kontseiluak onartu behar, Gobernuko presidentearen proposamena baita. Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, Escrivak ministro karguari uko egin eta gero.
Escriva Gizarte Segurantzako ministro izan zen aurreko legegintzaldian, eta zenbait desadostasun eduki zituen Espainiako Bankuarekin eta orduko gobernadorearekin erakundeak pentsio sistema publikoaren iraunkortasunari eta beharrezko erreformei buruz argitaratutako ikerketen inguruan. Izan ere, proposatutako erreforma batzuk Gobernuak mahai gainean jarritakoen kontrakoak ziren.
Jose Luis Escrivak heziketa eta esperientzia profesional handia du makroekonomiaren eta finantzen arloan. Zientzia Ekonomikoetan lizentziaduna eta gradu ostekoak Analisi Ekonomikoan eta Ekonometrian, Europako Banku Zentralaren Moneta Politikako buru (1999-2004) eta Europako Moneta Institutuko aholkulari (1993-1999) izan zen, Sanchezekin Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministro eta Eraldaketa Digitaleko ministro izan aurretik.
Espainiako Bankuan Moneta eta Finantza Ikerketa Departamentuko azpizuzendari izan zen, eta Moneta Ikerketa Taldeko buru izan zen.
Gainera, Europar Batasuneko Erakunde Fiskal Independenteen sareko presidente izan zen 2015etik 2019ra, eta Ardura Fiskalen Agintaritza Independentearen buru (2014-2020).