Ekonomia -
Hezkuntza publikoa
Sindikatuak Nafarroako Hezkuntza Mahai Sektorialetik altxatu dira, Foru Gobernuaren "borondate faltagatik"
Bestalde, Nafarroako Gobernuak kritikatu du irakasleen sindikatuek bilera "hasi eta hamar minutura" utzi dutela, "Hezkuntza Departamentuak, Carlos Gimeno kontseilariariaren ahotik helarazi nahi zizkien proposamenak, entzun gabe".
EITB MEDIA
Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatu guztiek Nafarroako Gobernuaren negoziazio "borondate falta argia" salatu dute, eta Hezkuntzako Mahai Sektorialaren bilera hasi eta hamar minutura altxatu dira. Honenbestez, datorren ostegunerako greba deialdiari eutsi diote.
Hezkuntza Publikoko Negoziazio Sektorialeko Mahaian parte hartzen duten sindikatu guztietako ordezkariek —Steilas, Anpe, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGT— salatu dute, Foru Parlamentuaren aurrean egindako agerraldi labur batean, batzarra utzi dutela, "Departamentuak haien aldarrikapenei heltzeko borondate falta argia duelako". Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak "inolako edukirik gabeko" mahai sektoriala deitu izana kritikatu dute, baita grebarako "bi egun falta direnean" ere, horretarako "hilabeteak" izan dituenean.
"Gure aldarrikapenak helarazteko deitu gintuzten (...). Lehenengo ezustekoa izan da Departamentuak argudiatzea irakasleen eskaerak ez dituela ezagutzen, behin eta berriz helarazi dizkiogunean (...) Galdetu dugu ea Nafarroako hezkuntza sistema publikoaren beharrei erantzuten dieten neurriak finantzatzeko asmoa duten, hala nola ratioen jaitsiera, plantillen egonkortasuna, irakasleen lan gainkarga, erosteko ahalmena berreskuratzea, besteak beste", adierazi dute.
Bilera Nafarroako Gobernuak deitu zuen, Foru Erkidegoko hezkuntza publikoan greba orokor bateratua egiteko deialdia dela eta, lehen aldiz 2012tik.
Bestalde, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak kritikatu du irakasleen sindikatuak batzarra "hasi eta hamar minutura" atera direla, "Departamentuak, Carlos Gimeno kontseilariaren ahotik, helarazi nahi zizkien proposamenak, entzun gabe".
Foru Gobernuak prentsa-ohar batean azaldu duenez, Hezkuntza Departamentuak "Mahai Sektorialaren bilera deitu zuen, gai-zerrendan bi puntu jasota: sindikatuen aldarrikapenak aztertzea eta sektorea indartzeko eta 41 ikastetxetan irakasleak kontratatzeak ekarriko duen akordioa sinatzea".