Ekonomia -
Istiluak
Greba egunean atxilotutako pertsona bat kartzelatu dute
Epaileak su-eragileak diren substantziak edukitzea eta desordena publikoa eragitea leporatu dio.
Erredakzioa
Asteazkeneko greba egunean Iruñean gertatutako istiluen harira, epaileak bere aurretik pasatu diren sei atxilotuetako bat kartzelatzea erabaki du.
Nafarroako Justizia Auzitegi Goreneko iturriek azaldu dutenez, M.B.L inizialak dituen atxilotuak kartzelara ez joateko aukera izango du 3.000 euroko fidantza ordainduz gero.
Substantzia su-eragileak edukitzea eta desordena publikoa eragitea leporatu dio epaileak. Egunean zehar, agenteek 15 pertsona atxilotu zituzten; horietako bederatzi, adingabeak.
Beste atxilotuak, aske
Atxilotuak –hiru Gasteizen, bat Urduñan eta bosgarrena Sestaon- atzoko egunean utzi zituzten aske, beharrezkoak diren izapide polizialak egin eta gero.
Gasteizen, Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen autoritatearen aurkako ustezko atentatua egotzita. Horietako batek harriak bota omen zizkien agenteei, eta beste biek, ustez, bengala bat bota zioten Poliziaren furgoi bati manifestazioa egiten ari ziren bitartean.
Urduñan, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen, ustez, Renfeko trenbidean barrikada bat jartzen harrapatu ostean. Bosgarren atxiloketa Sestaon egin zuten, pikete batean parte hartzen ari zen gizon batek ustez polizia-agente batzuen aurkako irain eta heriotza-mehatxuak egin ostean.