Krisi Ekonomikoa -
Espainiako datuak
Urtebeteko inflazioa % 3,5 eraino igo da irailean
Kontsumorako Prezioen Indize aurreratuaren arabera, urtebeteko inflazioak % 0,8 egin du gora, abuztukoarekin alderatuta.
Erredakzioa
Urtebeteko inflazioa % 3,5 eraino heldu da irailean eta % 0,8 egin du gora abuztuko indizearekin alderatuta, Espainiako Estatistika Institutuak Kontsumorako Prezioen Indize aurreratuan oinarrituta jakitera eman duenez.
Irailaren 1ean BEZ orokorra % 18koa izatetik % 21ekoa izatera igaro da; BEZ murriztua, berriz, % 8tik % 10era igo da. Hala, BEZaren igoeraren osteko prezioen gorakadak eragina izan du inflazioan.
Era berean, KPI armonizatuaren (Eurogune osoan irizpide berberarekin kalkulatzen dena) datua ere zabaldu du Estatistika Institutuak, eta kasu horretan ere, inflazioa % 3,5ekoa da, duela hilabete baino zortzi hamarren gehiago.
KPIaren behin betiko datua urriaren 11n jakinaraziko da, baina normalean ez da asko aldatzen, eta KPI aurreratuaren antzekoa izaten da.
Gaurko datuak eta urrian argitaratuko denak bat egingo balute, urte arteko inflazioa 2011ko maiatzeko mailan geratuko litzateke. Orduan ere % 3,5 eraino igo zen.