Ekonomia -
HEZKUNTZA
Nafarroako Hezkuntzako sindikatuek urriaren 29ko grebari eusten diote, "hobekuntzak" ikusten dituzten arren
Sindikatuen zenbait proposamen onartu ditu Hezkuntza Departamentuak, horien artean, Lehen Hezkuntzan ratioak linealki murriztea eta irakasleen prestakuntza orduak gutxitzea.
EITB MEDIA
Nafarroako Hezkuntza Departamentuak mahai gainean jarri duen azken proposamena motz geratzen dela iritzita, urriaren 29rako greba deialdiari eutsi egiten diotela jakinarazi dute Hezkuntza publikoko sindikatuek. Zenbait aurrerapauso eta hobekuntza egon direla aitortu arren, uste dute mobilizaziorako arrazoiak badaudela oraindik.
Goizean bildu dira Iruñean, sindikatuetako eta Foru Gobernuko ordezkariak Hezkuntzako Mahai Sektorialean. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak eraman duen proposamenean, beteak beste, Haur Hezkuntzan ez ezik, Lehen Hezkuntzan ere irakasleko ratioa 25etik 23ra jaistea jasotzen da, eta irakasleen formakuntza orduak 35tik 25era murriztea.
Bileraren amaieran, Raul Lopez Steilaseko ordezkariak esan du langileen eskari asko oraindik airean daudela, erantzunik gabe. Bere hitzetan, "ratioak maila guztietan jaistea" da eskatzen dutena, eta aparteko lanorduen, eros ahalmena berreskuratzearen eta langilegoaren egonkortzearen inguruko proposamenik ez dute jaso. "Urriaren 29an kalera aterako gara eta indar handiz. Ikusten ari gara mobilizazioekin hobekuntzak lor daitezkeela", esan du.
Ildo beretik mintzatu da CCOOko Unai Alava ere. Azaldu du sindikatuek "positiboki" baloratzen dutela Hezkuntza Departamenduak zenbait "hobekuntza" eskaintzea, "poliki" bada ere. Uste du "negoziazioa ez dela agortu" eta "mobilizazioekin jarraitzeko arrazoiak" badaudela.
Bere aldetik, Gimeno kontseilariak esan du akordio batera iristeko moduko proposamena eraman duela mahai sektorialaren bilerara. Soldata igoerari dagokionez, berretsi du hori ez dagoela bere Departamentuaren esku, mahai orokorrean aztertu beharreko auzia dela.