Ekonomia -
Lan Harremanetarako Kontseilua
Arrieta: 'Berritzen ez diren lan hitzarmenak desagertu egingo dira'
Lan Harremanetarako Kontseiluko presidenteak lan erreformaren ondorioz lan baldintzak okertu egingo direla ohartarazi du.
Erredakzioa
Tomas Arrieta Lan Harremanetarako Kontseiluko presidenteak lan erreformaren eraginez lan baldintzak okertuko direla ohartarazi du, berritzen ez diren hitzarmenak desagertu egingo baitira. Era honetan, langileen baldintzak enpresetako edo estatuko hitzarmenen bitartez arautuko dira.
Egun, EAEn, 350.000 langile euren hitzarmenak berritzeko zain daude (% 70), Radio Euskadiko elkarrizketa batean azaldu duenez.
Euskal enpresek egoerari aurre egin ahal izatea espero du. "Langileek baldintza justuak dituztela sentitzea beharrezkoa da enpresetan, eta juridikoki, lan erreformak epe motz eta ertainean lan baldintzak okertzea ekar dezake, horregatik, baldintzei eusteko erreakzionatzea espero dut", adierazi du.
Halaber, soldaten murrizketen politikak langileen klase berri bat sortuko duela azaldu du, langile txiroena, eta arrisku hori egiazkoa dela gaineratu du.