Ekonomia -
Frogen ostean
EBk zentral nuklearren segurtasunean inbertitzea eskatu du
Horren esanetan, Europar Batasunean 10.000 eta 25.000 milioi euro artean inbertitu behar dira zentralen segurtasun neurriak handitzeko.
Erredakzioa
Europako Batzordeak zentral nuklearren segurtasuna hobetzeko eskatu die 27 estatu kideei, izan ere, segurtasun akatsak antzeman dituzte, eta inbertsio handia egin beharko da horiek konpontzeko.
"Toki guztietan zer hobetu asko dago", azpimarratu du, Günther Oettinger Europako Energia komisarioak, Europar Batasunean egin diren erresistentzia frogen emaitzak aurkezteko egin duen prentsaurrekoan.
Dena den, azken urteotan arlo horretan hainbat aurrerapen egin direla azpimarratu du Alemaniako komisarioak.
Fukushimako hondamendi nuklearraren harira, Europar Batasunean martxan dauden 145 erreaktore nuklearrak aztertu ditu Europako Batzordeak, eta baita ixte bidean dauden edota biltegi gisa erabiltzen diren guneak ere.
Azterketaren arabera, Europako zentral askok ez dituzte betetzen 1979an Three Mile Islanden (AEB) eta 1986an Txernobilen (Ukraina) istripuak izan ostean indarrean sartu zituzten segurtasun estandarrak.
Halaber, enpresa askok ezin izango lukete ordubete baino gehiagoz funtzionatu hornigai elektrikoa edo hozte-sistema galduko balute, Fukushiman gertatu zen moduan. Beste batzuek ez dituzte lurrikaren aurkako prebentzio tresnak.
Espainiako zentralen kasuan, Europako Gobernuak proposamenak aurkeztu ditu honako hauentzat: Almaraz (Caceres), Asco eta Valdellos (Tarragona), Trillo (Guadalajara), Garoña (Burgos) eta Cofrentes (Valentzia). Dagoeneko hobekuntza batzuk egin omen dituzte, besteak beste, uholdeei aurre egiteko.
Espainiako zentral guztiek egitasmo batzuk izan beharko lituzkete istripu handiago batzuei aurre egiteko, "baita euskarriaren aireztapenaren transmisio sistemarako ere". Gainera, hidrogeno edo beste erregai gaseosoen leherketei aurre egiteko neurriak ere izan beharko lituzkete, istripua izanez gero.
27 herrialdeek orain ekintza nazionaleko plan bat idatzi behar dute Europako aholkuak martxan jartzeko. Neurri horiek betetzea kontrolatu egingo duela ohartarazi du Europako Batzordeak, eta 2014rako lortutako aurrerapenen ebaluazioa aurkeztuko du.
Europako Gobernuak azaldu duenez, Europar Batasunean 10.000 eta 25.000 milioi euro artean inbertitu behar dira zentralen segurtasun neurriak indartzeko.
Raul Romera eurodiputatuaren esanetan, orain ikusi egin beharko da industria horrek bere kabuz egiten dituen inbertsio horiek, Bruselak ez baitu inolako botererik estatu kideak aholku horiek betetzera behartzeko.