Ekonomia -
Bidaia Turkian
Unda: 'Turkiarekin elkarlanak ematen duen aukera aprobetxatu behar da'
Industria sailburuak adierazi duenez, Jaurlaritzarentzat Turkia "lehentasunezko herrialdea da, Ekialdeko Europako bigarren ekonomia indartsuena" delako.
Erredakzioa
Bernabe Unda Industria sailburuak Turkiarekin elkarlanean aritzeko animatu ditu euskal enpresak, buatik bat "energia eta azpiegituren sektoreko enpresei, hazkunde nabarmena aurreikusten baita". Halaber Iranen, Kazakhstanen, Uzbekistanen, Turkmenistanen, Georgian eta Azerbajanen sartzeko "plataforma" dela uste du.
Undak "gure eskura dagoen aukeren herrialdea" jardunaldiak inauguratu ditu Istanbulen, EAEko 70 enpresa eta merkataritza-ganberatako ordezkariekin batera.
Industria sailburuak azaldu duenez, Jaurlaritzarentzat "lehentasunezko herrialdea da, Ekialdeko Europaren bigarren ekonomia indartsuena delako, eta Txinaren hazkunde tasa antzekoak dituelako". 2011an BPGa % 8,5 hazi zela ekarri du gogora, eta aurreko urtean % 9.
Azken hiru urteetan Jaurlaritzak Brasilen, Txinan, Arabiar Emirerri Batuetan, Qatarren, Ameriketako Estatu Batuetan eta Indian enpresei laguntzeko antolaturiko jardunaldietan 420 enpresak parte hartu dutela azaldu du. Emaitzak "oso onak" izan direla esan du, eta herrialde horietarako esportazioak % 57 hobetu direla adierazi du.