Ekonomia -
SINDIKATUAK
Gutxieneko soldata propio baten aldeko herri ekimen legegileak erregistratu dituzte sindikatu abertzaleek
Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan herri ekimen legegile bana erregistratu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek. Horien ustez, "Espainia mailan finkatutako gutxieneko soldata Hego Euskal Herriko langileei bizi baldintza duinak bermatzetik oso urrun geratzen da".
EITB MEDIA
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek bat egin dute gutxieneko soldata propio baten aldeko borrokan, eta elkarrekin hasitako bide horretan, gaur lehen urratsa eman dute, Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan herri ekimen legegile bana erregistratuta. Zentralok uste dute lanbide arteko gutxieneko soldataren inguruko akordioa eta herri ekimen Legegileak "bide osagarriak" direla, eta bi bideak elkarrekin lantzearen alde egin dute.
Zabaldutako oharrean, sindikatuek nabarmendu dute "Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta sindikala islatuko duen soldata propioa burujabetzaren aldeko aurrerapausoa" izango litzatekeela. Horrez gain, nabarmendu dute gutxieneko soldata propioa "langileen babeserako" tresna bakarrik ez, "aberastasuna banatzeko eta kohesio sozialerako mekanismoa" ere badela.
Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldataren zenbatekoa finkatzeko orduan, "hamaika irizpide" erabili litezkeela ere zehaztu dute oharrean, ondorengoa "argi" utzita: "Espainia mailan finkatutakoa Hego Euskal Herriko langileei bizi baldintza duinak bermatzetik oso urrun geratzen da".
Azkenik, gutxieneko soldatak "lurralde dimentsio argia" duela ere zehaztu dute sindikatu abertzaleek. Horien hitzetan, "Hego Euskal Herriko gizarte, kultura, sindikatu eta politika sareak aldea du gainerako lurraldeetakoekin, bai osaerari, bai ereduari dagokienez". Ondorioz, irizten diote "Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldatak euskal gizarteak behin eta berriz hauteskunde sindikaletan eta mobilizazio gaitasunean erakusten duen borondate berezituari erantzun" behar diola.
"Errespetua"
Bere aldetik, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eta bigarren lehendakariordeak berretsi du EAErako gutxieneko soldata ezartzeko "konpromiso irmoa" duela Gasteizko Exekutiboak. Sindikatuek gaur erregistratutako ekimen legegileen aurrean "errespetua" agertu du.
Gobernu Kontseiluaren ondorengo agerraldian hitz egin du Torresek gai honen inguruan. Bere hitzetan, Jaurlaritza "lanean" ari da gutxieneko soldata propioari dagokionean, eta zehaztu du eragile sozialei eta ekonomikoei dagokiela akordioa lortzea.
Halaber, jakinarazi du bere Saila txosten sozioekonomiko bat lantzen ari dela, EAErako gutxieneneko soldata zenbatekoa litzakeen zehazteko. Hurrengo hilabeteotan emango dute horren berri.
Argitu du, baita ere, gutxieneko soldata ezartzeko eskumena ez duela Espainiako Gobernuak, eta bertako patronalak eta sindikatuek adostu eta erabaki dezaketela.