Ekonomia -

LAN GATAZKA

Chivitek itxaropena hitzeman die Ezkirotzeko 660 langileei, BSHrekin egindako bilera "positibotzat" jota

Nafarroako presidenteak komunikabideei adierazi die "lanerako mahai bat" osatuko dutela, lanpostu horien galerari irtenbide bat bilatze aldera.

Gaur goizeko protesta
Gaur goizeko protesta
Nafarroako Gobernuak, Industriak eta BSHk lan-mahai bat sortuko dute Ezkirozko lantegiaren etorkizunari buruz

1:00

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako presidente Maria Chivitek "etorkizun itxaropentsua" hitzeman die gaur Ezkirotzeko lantegiko 660 beharginei, Madrilgo Lan Ministerioan BSH multinazionaleko zuzendariekin egin duen bilera bukatu ostean.

Abenduaren 16an, BSHk iragarri zuen asmo duela datorren ekainaren 16an Ezkirotzeko lantegia ixtea, eta horri buruz aritzeko deitu zuten gaurko bilera.

Handik irten denean, Chivitek (PSN) komunikabideei adierazi die "lanerako mahai bat" osatuko dutela Espainiako eta Nafarroako gobernuek, lanpostu horien galerari irtenbide bat bilatze aldera.

"660 lanpostu zuzen eta zeharkako beste hainbeste dira. Enpresak esan du egin dituela alternatibak bilatzeko ahaleginak, baina orain elkarrekin egingo dugu lan, bazkideei, inbertitzaileei, berrindustrializazioari eta produktu berriei buruz hitz egingo dugu. Hori guztia lanposturik gal ez dadin", erantsi du.

Ildo horretan, onartu du BSHk mahai horri atea ireki diola, baina lantegia ixtean tematuta dagoela.

Enpresa batzordearen protesta

BSHren Ezkirotzeko lantegiko enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du gaur, Espainiako eta Nafarroako Gobernuak Alemaniako multinazionalaren zuzendaritzarekin bilduta zeuden bitartean. Batzar horri buruz esan dute ez dutela aurreikuspen zehatzik.

Espainiako Industria Ministerioko ordezkariek eta Nafarroako Gobernukoek (Jordi Hereu eta Maria Chivite buru) lantegiaren etorkizunaz jardun dute goizean, ekainerako iragarritako itxiera ardatz hartuta.

Esan bezala, Madrilen bilera egin duten bitartean, BSHko langileek protesta egin dute "BSH ez dute itxiko. Nafarroako industriaren alde" lelopean, eta "Balayn lagunik ez dugu" gisako aldarriak oihukatu dituzte.

Elkarretaratzean bertan, enpresa batzordeko presidente Juanjo Hermoso de Mendozak komunikabideei adierazi die asteak eman dituztela negoziaziorako bitartekari bat eskatzen, eta azkenean lortu dutela lehen hitzordu bat egitea.

"Hori da guretzat garrantzitsuena, BSHko Alemaniako zuzendaritzako ordezkariak Madrilen egotea", esan du Hermoso de Mendozak. Halaber, nabarmendu du enpresa batzordeak Nafarroako Gobernuan konfiantza duela, eta erantsi bihar bertan bilduko direla gaurko batzarrean hitz egindako kontuen berri jasotzeko.

Bukatzeko, azpimarratu du lantegian "burumakur" daudela, ziurgabetasun egoeran daudelako, eta ez direlako normaltasunez lan egiten ari.

BSHko langileen elkarretaratzea Ezkirotzen, Madrilgo bilera dela eta
BSHko langileen elkarretaratzea Ezkirotzen, Madrilgo bilera dela eta
BSHko langileen elkarretaratzea Ezkirotzen, Madrilgo bilera dela eta

0:37
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Alemania Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Industria