Ekonomia -

BSH

BSHko langile batzordea "nahiko baikor" ostiralean Madrilen izan zen bileraren ostean

Langile batzordeak nahiz Foru Gobernuak lanerako mahai bat osatu izanaren balioa azpimarratu dute, itxaropenik ez izatearen eta "aukerak dituen etorkizun" baten arteko aldea markatzen baitu, Chiviteren ustez.

BSHko langile batzordearen eta Foru Gobernuaren arteko bilera, larunbat honetan. EFE
BSHko langile batzordearen eta Foru Gobernuaren arteko bilera, larunbat honetan. EFE
BSHko langile batzordearen eta Foru Gobernuaren arteko bilera, larunbat honetan. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BSHk Ezkirotzen (Nafarroa) duen lantegiko enpresa-batzordea "baikor samar" agertu da Industria Ministerioak, Foru Gobernuak eta multinazionalaren Alemaniako zuzendaritzak ostiral honetan Madrilen izandako bileraren ostean.

Juanjo Hermoso de Mendoza batzordeko presidenteak adierazi duenez, atzo Ministerioan egindako bileran Nafarroako lantegirako dauden aukera guztiak aztertuko dituen lanerako mahai hori ezarri izana da garrantzitsuena.

"Nafarroako Gobernuarekin ados gaude pisu industriala ez galtzeko ahaleginean, eta, jakina, BSHn lanpostuak ez galtzeko moduak bilatu behar direla esatean", adierazi du sindikalistak, eta Espainiako BSH etxetresna elektrikoak egiten dituen lantegian azken urteotan 50-60 milioi euroko irabaziak izan dituztela azpimarratu du.

Hemendik aurrera Nafarroako Gobernuarekin "besoz beso" lan egingo dutela adierazi ostean esan duenez, "enpresak bere borondatez irtenbideak bilatzen hiruko mahai bat sartzea erabaki badu", klabe positiboan izango da, jakinik "prozesu baten hasiera baino ez dela, eta ikusten joan beharko dela".

"Inpaktu emozionala gorabehera, animatuta gaude" eta "ez dugu amore ematen", esan du. Batzordeak "dena" emango du, horren hitzetan, eta BSHren lan-jarduera mantentzean zentratuko direla azaldu dute. "Denborak esango du, prozesuak aurrera egin ahala, zer-nolako irtenbideak egon daitezkeen horretarako", erantsi du.

Gobernuak lanpostuak salbatzeko konpromisoa hartu du

Larunbat honetan Nafarroako Jauregian enpresa-batzordearekin izandako bileraren ostean Maria Chivite presidenteak komunikabideei esan die Foru Gobernuak "erabakitasun handienarekin" eutsiko diola lantegiarentzat bideragarriak diren alternatibak bilatzeari, Industria Ministerioarekin eta multinazionalarekin sortuko den lantaldearen esparruan.

Chiviteren esanetan, "lantaldearen elementu hori atzo ez geneukan", eta, beraz, "aukerak zabaldu" dira: "Nafarroako Gobernuak konpromiso osoa du lantegiko lanpostu bakoitza eta ekoizpen industriala salbatzeko".

"Elkarlanean aritu behar dugu, modu koordinatuan lan egin behar dugu, eta haiek (batzordeko kideek) eskatu diguten bezala, modu garden eta zintzoan", erantsi du.

Chivitek elkartasuna adierazi die langileei, eta ziurtatu du Nafarroako Gobernuak ez diola uko egingo egingarria izan daitekeen edozein aukerari, "edozein alternatiba atzo genuena baino hobea delako, hura zero baitzen".

"Hau luze joango den lasterketa baten hasiera besterik ez da, eta prozesu horretan guztiok lan egin eta koordinatu beharko dugu, eta aukera guztiak mahai gainean egongo dira", esan du.

Enpresak ixteko emandako arrazoiei dagokienez, konpainiak atzo aipatu zuen merkatuko kuota murriztu egin dela kontsumitzaileen portaera bera aldatu delako, puntako kalitatezko produktuen alde. 

Gainera, enpresaren arabera, Ezkirotzen hozkailuen ekoizpena % 30 ingurukoa da, eta Txinaren lehia aipatu du, "hiru milioi unitate fabrikatzeko gai diren gigafaktoriak" baitaude.

"Egoera ekonomikoa ez da aitzakia, ez baitaude galeretan", ziurtatu du Chivitek, eta mahaiaren bilera hemendik pare bat asterako ixtea espero dutela esan du. Bitartean, informazioa eta dokumentazioa bildu, eta "mahai horri begira prestatzen joango dira", gaineratu du.

Gobernuak erabakitzeko ahalmena duen solaskide bat eskatu dio langile batzordeari

Chiviteren ustez, argi dago zein izango den Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza mahai horretan, baina BSHk zehaztu beharko du nor izango den solaskidea.

Nolanahi ere, enpresaren ordezkaria "erabakitzeko gaitasuna duen pertsona bat izatea" eskatu du, eta "ez badu, eman diezaiotela"; izan ere, "uste dut ez gaudela inor denbora galtzeko, ezta itxaropen faltsuak edo gerora gauzatu ezin diren aukerak sortzeko ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Industria