Ekonomia -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Lanera Gasteizko Mercedesen, Emisio Gutxiko Eremua Donostian eta "El Conquistador"
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko urtarrilaren 13an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Lanera itzulera Gasteizko Mercedesen: Gasteizko Mercedes-Benz ekoizpen-jarduerara itzuliko da astelehen honetan, 24 egunez geldirik egon ondoren. Bost mila langile dituen lantegia EAEko lantegirik handiena da. Ekoizpen txikiaren ondorioz, 2025eko martxoaren 3tik aurrera bi txandatan egingo dute lan, eta 2016ko urritik martxan zegoen gauekoa kenduko dute. Produkzio aurreikuspena azken urteetako baxuena da, eskariaren beherakadagatik eta eredu elektriko berria ekoizten hasteko zain daudelako.
- Emisio Gutxiko Eremua Donostian: Astelehenetik aurrera jakinarazpena jasoko dute Donostiako Emisio Gutxiko Eremura baimenik gabe sartzen direnek. Gauzak horrela, hurrengo bi hilabeteetan eremu horietara sartzen diren ibilgailuek arau-haustearen ohartarazpena jasoko dute, baina ez dute isunik ordainduko. Hala ere, ez dira isunak jartzen hasiko martxoaren 14ra arte.
- "El Conquistador" hasiko da: Astelehenean hasiko da ofizialki "El Conquistador" saioaren 21. denboraldia, Patxi Alonsok eta Lur Errekondok gidatutako inaugurazio gala ikusgarri batekin. Bertan aurkeztuko dituzte edizio berri honetan ikurrina irabazteko lehiatuko diren parte-hartzaileak. Abentura, berriz, urtarrilaren 20an abiatuko da. Aurten ere, ohi bezala, asteazkenetan debatea izango da, gatazkak eta programaren unerik zirraragarrienak aztertzeko asteroko hitzordua; eta asteleheneko galan bertan jakingo dugu nork gidatuko duen zuzeneko programa hori.