Ekonomia -

Eusko Legebiltzarra

Pentsiodunen mugimenduak sinadura bilketa hasi du, gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzeko

Eusko Jaurlaritzari "entzungor ez egiteko" eta tramitazioa babesteko eskatu diote, "legea onartzeko eskumena eta baliabideak" dituela iritzita.

Pentsiodunen ordezkaria. Argazkia: EITB
Pentsiodunen ordezkaria. Argazkia: EITB
Pentsiodunen mugimenduak sinadura bilketa abiatu du pentsioak gutxieneko soldataren pareko izan daitezen

1:17

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako herri ekimen legegilearen (HEL) sinadura bilketari ekin dio gaur. Gutxieneko pentsioak dituztenei gutxieneko soldataraino iritsi arte gehigarriak ematea jasotzen du lege proposamenak.

Pentsiodunen mugimenduak aurreko urteko irailaren amaieran aurkeztu zuen HELa Legebiltzarrean, eta azaroan Mahaiak onartu egin zuen tramitazioa. Araudiak gutxienez 10.000 sinadura biltzea eskatzen du ekimenak aurrera egin dezan, eta apirilaren 24ra arteko epea dute horretarako.

Kopuru horretara iritsiz gero, eta litekeena da hala izatea, HELa lege proposamen gisa iritsiko da Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara, eta bertan erabakiko dute legebiltzarkideek aurrera egin ala ez.

Gaur Pentsiodunen Mugimenduko ordezkari batzuek agerraldia egin dute Legebiltzarrean ekimenaren gaineko azalpenak emateko, eta aukera aprobetxatu dute Eusko Jaurlaritzari eta hori osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdiei "entzungorrarena" egin ez dezatela eta legearen tramitazioa babes dezatela eskatzeko.

Arturo Val del Olmo bozeramaileak jakinarazi du oraingoz alderdi bat bera ere ez dela agertu tramitazioaren aurka, eta baieztatu du hurrengo hilabeteetan alderdi politikoekin elkartuko direla berriro, babesa bilatzeko.

EAEn bizi diren 60 urtetik gorako pentsiodun guztiek gutxieneko soldataren pareko diru-sarrerak izan ditzaten bermatuko duen pentsio gehigarrien sistema bat sortzea aurreikusten du herri ekimen legegileak. Espainiako Lan Ministerioak 2024rako ezarritako gutxieneko soldata 1.134 eurokoa da, 14 soldatatan ordaindua, eta 2025ean igotzea negoziatzen ari dira.

EAEn gutxieneko soldata bat adostuko balitz, hori izango litzateke pentsio gehigarriak kalkulatzeko erreferentzia, Estatukoaren kaltetan.

Plataformaren bozeramaileek gogorarazi dute EAEn pentsionisten herenak gutxieneko soldatatik beherako diru-sarrerak dituela, eta horien artean 10etik 7 emakumezkoak direla. Haien esanetan, gehienek 850 euro baino gutxiago kobratzen dituzte.

Horri aurre egiteko, Pentsiodunen Mugimenduko lagunek uste dute EAEk badituela "legea onartzeko eskumena eta baliabideak".

Pentsiodunen Mugimenduak iragarri du laster ekitaldi bat egingo duela Bilbon 250 pertsona ezagunen babesa dutela iragartzeko, eta apirilaren amaiera arte hitzaldiak eta bestelako jarduerak antolatuko dituztela sinadurak biltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak