Ekonomia -
Etxebizitza politika
Hauek dira Espainiako Gobernuak etxebizitza krisiari aurre egiten saiatzeko hartu dituen neurriak
Espainiako Gobernuaren egitasmoaren ardatza etxebizitza sozialen parke handi bat osatzea eta blindatzea da, baita laguntzak eta zigor fiskalak areagotzea ere. Pedro Sanchezek iragarritako neurrien erdiak Sumarrek proposatu ditu.
Agentziak | EITB Media
Etxebizitza krisiari aurre egiten saiatzeko, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak neurri berriak iragarri ditu azken orduetan. Espainiako Gobernuaren planaren ardatza etxebizitza sozialen parke handi bat osatzea eta blindatzea da, baita laguntzak eta zigor fiskalak areagotzea ere.
Pedro Sanchezek gaur iragarritako neurrien erdiak Sumarrek, bere gobernukideak, egindako proposamenak dira, besteak beste, Europar Batasunetik kanpoko ez-egoiliarren erosketak mugatzea eta etxebizitza turistikoak jarduera ekonomiko gisa zergapetzea; beste batzuk, berriz, PSOErenak dira, hala nola erreferentziazko indizearen arabera alokatzen duten jabeen zerga-salbuespen osoa.
Hauek dira Espainiako Gobernuak proposatutako neurri berriak:
Etxebizitza publikoak
1. Etxebizitzen eta lurzoruarak Etxebizitza Enpresa Publiko berriari tranferitzea. Estatuak 3.300 etxebizitza eta bi milioi metro karratu lurzoru laga berri ditu alokairu eskuragarriko etxebizitza sozialak eraikitzeko. Sarebeko 13.000 etxebizitza ere jarriko dira berehala, eta 17.000 pixkanaka.
2. Etxebizitza Enpresa Publiko berriak lehentasuna izango du etxeak eta lurzoruak erosteko orduan.
3. Babes ofizialeko etxeak blindatuko dira, legez bermatuz Estatuak eraikitako etxebizitza guztiek bere titulartasun publikoari eutsiko diotela, inolako epemugarik gabe.
4. Espainian eraikuntza industrializatua eta modularra berritzeko eta modernizatzeko egitasmo estrategiko bat abiaraztea, etxeak denbora laburragoan eta kostu txikiagoekin eraikitzeko. Valentziako probintzian egingo dute, GOIDIak eragindako hondamendiaren ostean sare ekonomikoa berreraikitzen laguntzeko.
Laguntzak
5. Frantziatik inportatutako berme publikoen sistema bat sortzea, alokairu eskuragarrian parte hartzen duten jabeak eta maizterrak babestuko dituena. Aurten egongo da martxan, eta 35 urtetik beherakoei alokatzen dieten jabeei aplikatzen hasiko zaie.
6. Alokairu eskuragarrira bideratutako etxebizitzak birgaitzeko programa berri bat martxan jartzea. Etxe bat gutxienez bost urtez alokairu eskuragarrian jartzeko erreformatzen duten pertsonei laguntzak emango zaizkie.
7. Kongresuari proposatzea PFEZren % 100eko zerga-salbuespena onar dezala etxebizitza Erreferentziazko Prezioen Indizearen arabera alokatzen duten jabeentzat, horiek tentsionatutako eremuetan egon beharrik gabe.
8. Estatuko Etxebizitza Plan berria, 2026an indarrean sartzeko. Indarrean dauden laguntzak hobetuko ditu, eta arreta berezia emango die adinekoei, gazteei, desgaitasuna duten pertsonei eta degradatutako eremuetan bizi direnei.
Zigor fiskalak
9. Kongresuari proposatzea etxebizitza turistikoak negoziotzat har daitezela eta zerga-sistemak jarduera ekonomikotzat har ditzatela, BEZaren aplikazioa barne hartuta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak edo saturazio turistikoa duten eremuetan.
10. Ondasun higiezinetako inbertsio-sozietateen zerga-abantailak baldintzatzea alokairuko etxebizitza eskuragarrien sustapenari.
11. Europar Batasunetik kanpoko ez-egoiliarren erosketak mugatzea, Espainian etxe bat erosten dutenean ordaindu beharreko zerga % 100eraino igoz.
Araudia
12. Lurzoru Legearen erreforma, Diputatuen Kongresuan izapidetzen ari dena, burokrazia murrizteko, prozesuak bizkortzeko eta eraikuntza pribaturako lurzorua areagotzeko.
13. Sasoiko alokairuetan iruzurraren aurka egiteko araudia zorroztea eta funts bat sortzea, erkidegoetako eta udaletako gobernuek legez kanpoko etxebizitza turistikoen eta iruzurrezko beste erabilera batzuen ikuskapenak areagotzeko.