Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Material falta eta soldata atzerapenak salatu dituzte Arrigorriagako Arandia adinduen egoitzako langileek
"Langile falta konpondu gabe jarraitzen dute" egoitzan, eta "ez da ez baja kasuetan ez oporraldietan ordezkapenik egiten", eta "ez dago lan osasunari buruzko neurririk", ELAk salatu duenez.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Arrigorriagako (Bizkaia) Arandia adinduen egoitzako langileek elkarretaratzea egin dute astearte honetan, zentroaren aurrean, "lanerako material falta eta soldatak atzerapenekin ordaintzen dituztela" salatzeko, ELAk jakinarazi duenez; gainera, zuzendaritzak "errespetu faltak eta eguneroko presioak" egiten jarraitzen duela salatu du sindikatuak.
ELAk ohar batean azaldu duenez, Domus VI taldeko zahar-egoitza horretako langileek "segurtasuna bermatzen ez den baldintzetan lanean jarraitzen dute", eta egoera hori "larriagotu" egin da "azken asteetan". Hori dela eta, arrisku psikosozialak ebaluatzeko txostena eskatu dio ELAk enpresari.
Sindikatuak salatu duenez, "langile falta konpondu gabe jarraitzen dute" egoitzan, eta "ez da ez baja kasuetan ez oporraldietan ordezkapenik egiten", eta "ez dago lan osasunaren inguruko neurririk", besteak beste, eskularruak, garabiak eta aldagelak zaharkituta edo egoera txarrean baitaude.
Soldatak "atzerapenez" ordaintzen direla ere kritikatu du, eta, gainera, salatu du lan egindako jai egunak "ez dizkietela ordaintzen ezta hartzen uzten ere".
Abenduaren amaieran langileen ordezkariek egoitzaren zuzendaritzarekin eta dagokion lurralde zuzendariarekin bilera egin zuten arren, "euren lan eskubideak errespeta daitezela" eskatzeko, ez da "inolako aurrerapausorik egin, promesa faltsuetatik harago", ohartarazi du ELAk.
"Are gehiago, langile eta material faltaren egoerak okerrera egin duela salatu dute langileek azken asteotan", adierazi du. Horregatik guztiagatik, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dute.
Zuzendaritza, "konponbide bila"
Bestalde, zentroko zuzendaritzak adierazi du euren lehentasuna "egoiliarren eta langileen ongizatea" dela.
Era berean, nabarmendu dute "konpromisoa" dutela langileekin batera "konponbideak bilatzeko", "egoiliarren eta talde guztiaren beharrei erantzuteko".
"Ulertzen ditugu sektore soziosanitarioaren erronkak, batez ere kontratazioari dagokionez, eta esfortzuak egiten jarraituko dugu txanda egokiak eta kalitatezko arretak bermatzeko", erantsi dute.