Ekonomia -

Industria

Garraio Ministerioak nahi du Sidenorrek Talgo erostea hilabetea amaitu baino lehen

Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak bezala, Sidenorreko presidenteak ordezkatzen duen sustraitzearen aldeko apustua egin du. "Jose Antonio Jainagarena da gaur egun sustraitzearen aukera. Gure konplizitatea du. Bi gobernuak batera gaude", berretsi du.

Talgoren lantegia. Argazkia: EFE
Talgoren lantegia. Argazkia: EFE
Talgoren lantegia. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sidenorrek Talgo erosteko prozesua hilabetea amaitu baino lehen ixtea nahi du Espainiako Gobernuak. Konpainia hori begi onez ikusi du eragiketa horretarako, baina oraindik finantziazioa zelakoa izango den argitu behar da.

Trilantic funtsak du Talgoren % 29,9aren titulartasuna, eta hori erosteko mahai-gainean dagoen aukera da Sidenor, Espainiako Gobernuarentzat gogokoena dena.

Garraio Ministerioak bilera bat egin zuen ostegunean, eta bertan Eusko Jaurlaritzako, Sidenorreko eta Trilanticeko ordezkariek parte hartu zuten. Ez zuten xehetasunik eman, baina ministerioak argi utzi zuen hilabete honetan bertan erosketarako prozesua amaituta egotea nahi duela.

2024aren amaieran, Trilanticen, Talgoren familia sortzailearen zati baten (% 7) eta Juan Abelloren Torreal funtsaren (% 3) arteko akziodunen ituna gainditu zen. Denek batera, enpresaren % 40 kontrolatzen dute Pegaso instrumentalaren bidez. Orain, lehenengoak eskuak libre ditu bakarrik aritzeko.

Oscar Puente Garraio ministroak oso argi hitz egin zuen ostegunean Sidenorren aldeko lehentasunei buruz, bere ustez Talgori falta zaion gaitasun industriala eman diezaiokeelako eta Gobernuak estrategikotzat jotzen duen konpainia baten "espainiartasunari" eusten diolako.

Operazioa begi onez ikusten du Eusko Jaurlaritzak ere, Talgo sendotzea ekarriko lukeelako, lurraldean inplikazio handia duen enpresa delako; izan ere, bere bi lantegietako bat, handiena, Arabako Ribabellosa udalerrian du, 700 langilerekin.

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua kezkatuta agertu da "enpresak dituen erronkengatik", eta azpimarratu du Eusko Jaurlaritzari gustatuko litzaiokeela "egonkortasuna" egotea eta "ekintza horien jabe izango denak etorkizunean proiektu industrial bat izatea".

"Pertsona edo erakunde horrek industria-proiektuetan ibilbide egiaztatua izatea, Jose Antonio Jainagak Sidenorren presidenteak duen bezala; proiektuak enpresa Euskadin errotzea sustatzea; eta, jakina, lanpostuak eta hornitzaileen sare osoa mantentzea, oso garrantzitsua baita, batez ere hemen, Araban", nabarmendu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak