Ekonomia -

Txakolina

Txakolina, barneko eskualdeetan ere ekoizten den ardoa

Asko dira txakolina kostaldearekin lotzen dutenak, baina Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko barnealdeko eskualdeetan dauden upategiak ere gero eta ikusgarritasun handiagoa ari dira hartzen. Aurten, hiru jatorrizko izendapenen artean ia 4 milioi litro ekoitzi dira, iaz baino % 20 inguru gutxiago.

Txakolin upategiak EAEn. Argazkia: EITB Media.
Txakolin upategiak EAEn. Argazkia: EITB Media.
Txakolin upategiak EAEn. Argazkia: EITB Media.

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Definizioz isurialde atlantikoan eta, batik bat, hondarribi zuri eta hondarribi beltz mahats-motak erabiliz egiten den ardoa da txakolina. Asko dira ardo hori kostaldearekin lotzen dutenak, upategi gehienak Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean daudelako, baina barruko eskualde batzuetan ere aspalditik egin izan dute ardoa. Beste batzuetan, berriz, galduta zegoen ohitura berreskuratu dute azken urteetan.

Ohikoa den legez, gaur, urtarrilak 17, aurkeztu da Getariako Txakolinaren uzta berria, izen bereko herrian. 2024an jasotako mahatsekin 2.521.300 litro inguru txakolin egin dira aurten Getariako Txakolina izendapenaren azpian.

Horri Bizkaiko Txakolina izendapenarekin egin diren 1.218.117 litroak eta Arabako Txakolinaren 253.000 litroak batuz gero, guztira, ia 4 milioi litro txakolin egin dira Euskal Herrian azken uztarekin.

Alabaina, ekoizleak kezkatuta daude klima-aldaketarekin eta eguraldiarekin, ekoizpena nabarmen jaitsi baita azken bi urteetan. 2022a aspaldiko urterik onena izan zen, uda lehorra izan zelako eta tenperaturak leunak izan zirelako. 2023an, gutxi gorabehera, aurrekoan baino % 20 gutxiago egin ahal izan zuten, eta 2024an, berriz, beste % 20 egin du behera.

Ekoizten den gehiena Euskal Herrian bertan kontsumitzen da, baina, urtetik urtera, gero eta gehiago esportatzen da. Getariako Txakolinak % 18, Bizkaiko Txakolinak % 5 eta Arabako Txakolinak % 32 bideratzen dute atzerrira. Amerikako Estatu Batuetara, Erresuma Batura, Herbehereetara, Norvegiara eta Japoniara saltzen da batik bat.

Gaur-gaurkoz, mahats kopuru handiena urteko ardoa egiteko erabiltzen da: zuria, gorria edota beltza. Horietarako gehienbat hondarribi zuri eta hondarribi beltz barietateak erabiltzen dituzte, baina hondarrabi zuri zerratia (petit courbu), chardonnay, ixkiriot handia (gros manseng) eta riesling mahatsak ere nahasi daitezke kopuru txikitan.

Halaber, upategi batzuk berrikuntzen bidean abiatu, eta probak egiten hasi dira. Hala, kasu batzuetan denbora luzeagoan ondutako ardoen alde egin dute, "kriantza estilokoak" adibidez. Beste batzuetan, ostera, lanketan berritzea erabaki dute, eta, besteak beste, ardo apardunak egiten hasi dira.

Euskal Herrian ditugun hiru jatorri-izendapenak kontuan hartuta, mahasti hektarea gehienak Gipuzkoan daude, Getariako Txakolina izendapenaren baitan. Alabaina, Bizkaiko Txakolinaren izenpean aritzen direnak ia beste hainbeste dira. Arabako Txakolina da izendapenik txikiena, baina indarrez ari dira lanean hor ere.

Hain zuzen ere, Arabako Txakolina izendapenarekin aritzen diren 6 upategiak Aiara eskualdean daude, Laudio, Amurrio, Okondo, Aiara eta Artziniega herrietan. Bizkaian, 35 upategi daude lurralde osoan barreiatuta, baina gehienak Uribe Kosta, Urdaibai eta Enkarterri eskualdeetan aurkituko ditugu.

Gipuzkoan, berriz, 34 txakolindegi ari dira gaur-gaurkoz Getariako Txakolina izendapenaren baitan, eta horietatik 20 Getaria, Aia, Orio eta Zarautz herrietan daude. Hori dela eta, lurralde honetan, batik bat, kostaldearekin lotzen da ardo txinpartatsu hau.

2007ra arte, Getariako Txakolina izendapenak Getaria, Aia eta Zarauzko upategiak soilik hartzen zituen. Urte horretan, baina, lurralde osora zabaltzearekin batera, barruko eskualdeetan ere txakolinaren ekoizpena berreskuratzen hasi ziren, hala nola Oñatin, Arrasaten, Olaberrian eta Villabonan. Horietako batzuk, gainera, indar handia hartzen ari dira azken urteetan.

Oñatiko Murgialdai baserrian, adibidez, badakite XIX. mendean bertan txakolina egiten eta saltzen zutela. Bertako nagusia den Aritz Galdosen hitzetan, jarduera hori berreskuratzea erabaki zutenetik, apurka-apurka joan dira prozesu osoa burutzen: 2008an, lehen mahastiak landatzen hasi ziren; ondoren, mahatsa beste upategi batzuei saltzen zieten; gero, euren txakolina egiten hasi ziren beste upategi batzuetan, eta, 2020an, Murgialdain bertan eraiki zuten upategia. Gaur egun, 4 hektarea dituzte, eta azken uztarekin 23.000 litro inguru egin dituzte.

''Barnealdean udaberriko izotzak dira arrisku nagusia mahatsarentzat''
''Barnealdean udaberriko izotzak dira arrisku nagusia mahatsarentzat''
''Barnealdean udaberriko izotzak dira arrisku nagusia mahatsarentzat''

2:00
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gipuzkoa Araba Ekonomia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Txakolina albisteak