Ekonomia -

INFLAZIOA

KPIk gora egin du 2024an, eta urtebeteko tasa % 3,6an gelditu da EAEn, eta % 2,7an, Nafarroan

Erregaien garestitzeak eta kulturako prezioek eragin dute, hein handi batean, inflazioaren gorakada. Azpiko inflazioa, berriz, % 2,6an kokatu da, bi hamarren gora eginda.

Urte arteko KPIaren bilakaera 2024an. Grafikoa: EITB Media
Urte arteko KPIaren bilakaera 2024an. Grafikoa: EITB Media
Urte arteko KPIaren bilakaera 2024an. Grafikoa: EITB Media

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) urtebeteko tasa % 3,6ra igo da abenduan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Espainiako Estatistika Institutuak gaur jakitera eman duenez. Bestalde, Nafarroan % 2,7an kokatu da inflazio tasa 2024an.

Autonomia erkidegoen artean, EAEk du urtebeteko tasarik altuena eta Nafarroa, berriz, batez bestekoaren (% 2,8) azpitik kokatu da. 

Azarotik abendura, berriz, prezioak % 0,6 hazi dira EAEn eta % 0,5 Nafarroan.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeen artean Araban izan da urtebeteko inflaziorik txikiena abenduan (% 3,1), Bizkaian (% 3,6) eta Gipuzkoan (% 3,7) baino txikiagoa.

Etxebizitza, edari alkoholikoak eta tabakoa, aisialdia eta kultura, eta ostalaritza (jatetxeak eta hotelak) garestitu dira gehien urtebetean EAEn: % 8,3, % 7,  4,4 eta % 3,8, hurrenez hurren. Nafarroan ere etxebizitza eta edari alokoholikoak eta tabakoa garestitu dira gehien, % 6,7 eta % 5,2, hurrenez hurren.

Elikagaien prezioak ere gora egiten jarraitzen du. Elikagaiak % 3,6 garestitu dira batez beste urtebetean EAEn, eta % 2 Nafarroan. Azarotik abendura, berriz, prezioak lau hamarren garestitu dira EAEn eta lau hamarren merkatu dira Nafarroan.

Espainiako Estatuan prezioak bost hamarren garestitu dira azken hilabetean (azarotik abendura) eta urtebeteko tasa % 2,8an gelditu da. Elikagaiak batez beste % 1,8 garestitu dira urtebetean, azaroan baino hamarren bat gehiago.

Bestalde, azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) % 2,6an kokatu da, bi hamarren gora eginda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Espainia gaur KPI Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Kontsumoari buruzko albisteak Elektrizitatea albisteak Gasolioaren prezioaren igoera Supermerkatuak