Ekonomia -

PARKE EOLIKOA

Itsarazko parke eolikoa eraikitzeari atea itxi dio Espainiako Gobernuak

Trantsizio Ekologikorako Ministerioak kontrako txostena ebatzi du, Norvegiako Statkraft enpresak Aramaion eta Eskoriatzan eraikitzeko asmoa zuen proiektuak ingurumenari kalte egingo liokeelakoan. Pozik hartu dute berria Aramaioko Udalak eta Aramaixo Bizirik plataforma.

Haize errotak, artxiboko irudi batean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Parke eoliko bateko haize errotak, artxiboko irudi batean
Haize errotak, artxiboko irudi batean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ezezkoa eman dio Aramaion eta Eskoriatzan Itsarazko parke eolikoa eraikitzeari, ingurumenari eragin liokeen kalteagatik.

Zehazki, ostegun honetan argitaratu da proiektuaren aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena Espainiako Aldizkari Ofizialean. 

Ministerioak parke eolikoa eraikitzeko aukeratutako lekuak eta planteatutako neurriak aztertu ditu, eta, horren arabera, ezin da baztertu hegazti fauna babestuari eta espazio babestuei kalteak eragitea.

Halaber, proiektuak Natura 2000 Sareari eta Urkiolako babestutako guneari ere kalte egin liokeela ebatzi du.

Statkraft enpresak aurkeztutako proiektuaren arabera, Itsarazko parke eolikoak zortzi aerosorgailu (172 metroko diametroa eta 200 metroko altuerakoak) izango lituzke. Halaber, 60,4 megawatt ekoizteko gaitasuna izango luke.

Eraikiz gero, aipaturiko Aramaion eta Eskoriatzan ez ezik, azpiegiturak eragina izango luke Arrasaten (Gipuzkoa), Atxondo, Elorrio eta Abadiñon (Bizkaia) eta Legutio, eta Arratzua-Ubarrundian (Araba).

Gainera, azpiegitura horri lotuta, azpiestazio elektriko bat eraiki beharko litzateke Abadiñon, parke eolikotik 13 kilometrora.

Pozik Aramaioko Udala eta Aramaixo Bizirik plataforma

Pozarren agertu da Asier Agirre Aramaioko alkatea: "Bazen ordua, proiektu horrek ez dakar ezer Aramaiorentzako, eta balorazioa, beraz, positiboa da". EITB Mediari azaldu dionez, "energia berriztagarrien alde egin behar dugu, baina tamania honetako priektuekin ez, mesedez, eta horrela, ere ez". 

Aramaixo Bizirik plataformak ere "garaipen moduan" hartu du berria, hala azaldu du elkartearen kide den Beñat Arregik, baina ohartarazi duenez, "borroka ez da amaitu", badaudelako beste proiektu batzuk ere. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Arrasate bideoak Gizartea bideoak Ekonomia Gaurko titularrak Albisteak Elorrio azken ordukoa Abadiño Eskoriatza azken ordukoa Energia berriztagarriak Energia Debagoieneko azken ordukoa Gorbeialdeko kuadrilla