Ekonomia -
HEZKUNTZA PUBLIKOA
Sindikatuek 12 greba egun erregistratu dituzte hezkuntza publikoan, urtarrilerako eta otsailerako
LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako grebetan parte hartzera deituta daude 30.000 langile inguru, irakasle, garbitzaile, sukalde eta haurreskolen artean.
EITB Media
Hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketako eta Haurreskolak Partzuergoko langileen zein irakasleen greba dinamika erregistratu dute ostiral honetan LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek Jaurlaritzaren Bizkaiko Ordezkaritzan, Bilbon. Grebak 30.000 bat langileri eragingo die.
Hain zuzen, irakasleek urtarrilaren 22an eta 23an eta otsailaren 26an eta 27an egingo dituzte lanuzteak, Haurreskolak Partzuergoko langileek urtarrilaren 28an eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an, eta sukalde eta garbiketako langileek urtarrilaren 30ean eta 31n eta otsailaren 19 eta 20an.
Sindikatuotako ordezkariek azaldu dute hezkuntza publikoa indartzeko eta inbertsioa publikoa handitzeko exijitzen diotela Hezkuntza Sailari, langileon lan baldintzak hobetu eta eskola publikoa erdigunean jar dezan.
Salatu dutenez, aipatutako kolektiboetako lan hitzarmenak iraungita daude, eta Hezkuntza Saila berria bada ere, "aldebakarrez hartutako erabakiak hartzen jarraitzen du, langile zein hezkuntza komunitatearen kaltetan. Gainera, sindikatuon eskaerei "muzin egin" diola kritikatu dute, "eduki nahikorik gabe negoziazio mahaiak" deitzen jarraituz.
Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta kudeaketa alorreko zein sukalde eta garbiketako langileen hitzarmenak 2009koak eta irakasleena 2010ekoa direla gogorarazi dute. "Beraz, 15 urte luzeren ondoren, bada garaia lan hitzarmenak hemen eta orain negoziatu, atzerapausoak bertan behera utzi eta langileon lan baldintzak hobetzeko", esan dute.
Horrela, kolektibo bakoitzarentzat aldarrikapen zehatzak izan arren, badira sindikatuek adostutako eskaera komunak, hala nola gero eta handiagoak diren lan zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa aurreratzeko plantillak gazteberritzeko plana garatzea, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea eta, "jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz, aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatzea".
Era berean, hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiatzeko, langileen lan osasuna zaindu eta bermatuko dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzeko eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzeko ere eskatu dute.
Iragarritako greba egunez gain, LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek jakinarazi dute ostiraletan mobilizazio dinamika martxan jarri dutela ikastetxeetan, ostiral honetan bertan hasita, eta hezkuntza publikoko langileei greba eta mobilizazioak babesteko deia egin diete; "izan ere, mobilizazioen eskutik etorriko da sindikatuok adostutako aldarrikapenak lortzeko negoziazio erreala", horien arabera.